argia.eus
INPRIMATU
%97,7 jaitsi da Espainiako Estatua ekainean bisitatu duten turisten kopurua
  • Udako turismoaren denboraldi hasieran 8.830.000 bisitari izan ziren Espainiako Estatuan 2019an, aurten aldiz jaitsiera oso handia izan da: 204.926 turista. Horren ondorioz, sektorearen diru-sarrerak %98,6 jaitsi dira.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 03a
Argazkia: Wikimedia Commons

Espainiako Estatuko turisten kopurua %97,7 jaitsi zen ekainean, 2019ko datuekin alderatuta. Iaz 8,83 milioi bisitari izan ziren, eta aurten 204.926 baino ez. Horrek diru-sarreretan % 98,6ko jaitsiera eragin du: 2019ko ekainean 9.696 milioi euro ordaindu zituzten bitartean, aurten 133 milioi euro baino ez ditu bildu. Espainiako Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) zabaldu ditu datuok.

Turisten jatorriari dagokionez, Frantziako Estatua izan da nagusi: 64.895 lagun, kopuru osoaren % 31,7. Hori, ordea, iazko ekainarekin alderatuz gero, %93,2ko beherakada da. Ondotik dira Alemania (% 16,5), Herbehereak (% 6), Italia (% 5,1) eta Erresuma Batua (%4,1). Turista bakoitzeko batez besteko gastua 651 eurokoa izan zen, % 40,6 txikiagoa. Eguneko batez besteko gastua, berriz, %30,4 jaitsi zen, 114 euroraino.

Autonomia erkidegoen arabera banatuta, Espainiako Estatutik kanpoko turistek Katalunia (% 37,4), Valentzia (%15,4), Balear Uharteak (% 13,8), Madril (% 10) eta Andaluzia ( % 6.9) lehenetsi zituzten ekainean. Urtarrila eta ekaina bitartean, nazioarteko turisten kopurua % 71,7 jaitsi zen, 10,8 milioi pertsona. Lehen seihileko horretan, kanpoko bisitarien gastua % 70,6 jaitsi zen 2019ko datuekin alderatuta: 11.840 milioi euro 2020an, 40.380 milioi 2019an.