Bilboko 97.0 irrati libreak Tas-Tas irratiaren lekua hartu du. Alde Zaharrean estudio txiki bat lortu du.
Tas-Tas desagertutako irratiaren antzera, Gasteizko Hala Bedi irratiarekin senidetuta dago irratia. Hain justu, Hala Bedin elkarrizketa egin diote proiektu berriko ordezkari bati.
“Proiektuarekin hasi eta egun gutxitara helburua bete dugu, irratiaren errepikagailua ia guztiz finantzatzea lortu dugu”, dio Paco izeneko irratiko kideak. “Jendea proiektu berrian parte hartzen ari da, bazkide egin dira eta kuota hauekin errepikagailuak dituen gastuak eutsi ditzazkegu”.
Egitasmoaren lehenengo helburuak betetzen doazela azaldu du Pacok. “Pauso txikiak ematen ari gara. Estudio txiki bat lortu dugu Bilboko Alde Zaharrean eta lehenengo grabaketak egin ditugu jada. Estudioa martxan dagoela esan genezake beraz. Programazioa Hala Bedi irratitik bidaltzen dizkiguzuen grabazioekin bete dezakegu”.
Nahiz eta gauza asko egiteko dauzkaten, presarik ez dutela azaldu dute. “Urrats zuzenak eman nahi ditugu, gauzak ongi egiteko: nahi dugun irrati mota diseinatzen joan, nola antolatu nahi dugun erabaki...”.
Edozein gerturatu daiteke irratira ideia berriak ematera. “Proiektua guztiz irekia dago. Ostegunero Alde Zaharreko La Bolsa eraikinean bilera publikoak egiten ditugu eta edozein bertaratu daiteke ekarpenak egitera”.