Libiako iparraldean 950 laguneko itsasontzia urperatu da, inguruan zebilen merkantzia-ontzi bati laguntza eskatzeko ontziaren albo batean jarri eta irauli denean. Lanpedusatik 193 kilometrora jazo da gertakaria. Oraingoz 28 lagun bizirik erreskatatu eta 24 gorpu berreskuratu ditu Italiako itsas poliziak. Bitartean, salbamendu lanek aurrera jarraitzen dute.
Bizirik ateratako lagun batek adierazi du itsasontziak 950 lagun zeramatzala: “Horien artean 40-50 ume eta 200 emakume inguru zeuden. Askok bodegan giltzaperatuta zeuden”.
Gauerdian Libiako iparraldetik 130 bat kilometrora zegoenean eman zuen alarma-deia ontziak. Italiako itsas polizia izan zen deia jaso zuena, baina ontzitik urrun xamar zeudenez, inguruan zegoen King Jacob izeneko merkantzia-ontzi portugaldarrari bertaratzeko eskatu zion. Hura ikustean, ontzi txikiko lagunak ontziaren alde berean jarri ziren laguntza eskatu asmoz, eta orduan irauli zen
Uraren tenperatuta ez da hotza eta erreskate zerbitzuek oraindik bizirik dauden lagunak topatzeko esperantza dute. Era berean, Maltako Gobernuak berreskuratutako gorpuen kargu egiteko prest agertu da.
Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Komisarioak adierazi du Libiako eta Italiako kostaldeen arteko historiako tragedia handiena bihurtu daitekeela. Hala adierazi du Sami Carlotta bozeramaileak: “Zifra hau konfirmatzen bada, azken egunotan 1.000 etorkin inguruk bizia galdu dute ur hauetan”. Joan den astelehenean 400 lagun zeramatzan beste ontzi bat hondoratu zen.
Europako atzerri ministroek gaur Bruselasen eginen duten bileran gaia jorratuko dute. Matteo Renzi Italiako lehen ministroak horrelako gertakarien aurrean Europar Batasunaren aldetik “gertutasun eta elkartasun sentimendurik” ez egotea salatu du.