argia.eus
INPRIMATU
94 egunez gose greban dago preso politiko maputxe bat
  • Guillermo Camus Jara izena du eta Txileko Lebuko kartzelan dago. Egoera larrian da, gose greba luzeaz gain, ostiraletik egarri grebari ere ekin baitio.

Axier Lopez @axierL 2024ko maiatzaren 14a

Preso maputxeek eta haien senideek tratu txarrak eta higiene-arazoak salatzen dituzte Lebuko kartzelan, Txilen. Kartzela horretan preso dago Guillermo Camus Jara, eta horregatik hasi zuen bere protesta Cañeteko hezkuntza eta lan zentrora lekualdatzeko eskatzeko, kartzelako egoera hobetzeko.

94 egunez gose greban egon eta hogei kilo galdu ondoren, ostiralean protesta gogortzea erabaki zuen eta egarri greba mugagaberi ekin dio. Giltzurrun-gutxiegitasuna, zefalea, mialgia orokortuak, ahultasuna giharretan, nekea eta abdomeneko mina ditu. Radio Mapuche Kurruf-ek jakinarazi duenez, bera egonkor dago, lasai, eta kontzientzia osoa du aurrera daraman mobilizazioaz. Bere komunitateak eta familiak deia egin du Lebuko kartzela kanpora joateko eta Camusen osasun egoeraz galdetzeko.

Gutun batean salatu duenez, egoera hobea duten hezkuntza eta lan zentro horietan sar ez daitezen "maputxe guztien aurka askotariko metodo arbitrarioak erabiltzen dituzte agintariek". Abenduan eskaera egin zuten hainbat preso maputxek eta horien guztien dokumentazioa "galdu dela" salatu du Camusek, eta arduradunen aldetik ez dutela azalpenik jaso.

Txileko Jendarmeria jo du erruduntzat, "bere boterea arbitrarioki erabiltzeagatik eta familiari bisita egitea eragozteagatik"; izan ere, zigorra ezarri diete Camusen senide eta gertukoei: 30 egunez ezingo dute bera bisitatu. "Horrela, beste behin ere erakusten dute agintean daudenek ez dituztela kontuan hartzen giza eskubideen estandarrak; zigor horiekin, gure egoera gogorra areagotu nahi dute kartzelen barruan, gure umeengandik eta lagunengandik urrunduz, kartzela hauetara iristeko sakrifizio izugarriak egiten baitituzte", adierazi du.