argia.eus
INPRIMATU
933 nobedade eta 200 ekitaldi Durangoko Azokaren 59. edizioan
  • Abenduaren 5ean Ikasle Goizarekin hasiko dute azoka. Hurrengo egunean Gazte Eztanda eguna egingo dute, eta gazteei zuzendutako hamaika jarduera egongo da. Egun berean, iazko Sormen Beka irabazi zuen Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz telesailaren aurkezpena egingo du Marramiau kolektiboak.

Julene Flamarique 2024ko azaroaren 21
59. edizioaren aurkezpena DA

Abenduaren lehenengo astean garatuko da Durangoko Azoka. Aurten abenduaren 5etik 8ra egingo da azokaren 59. edizioa, Hartzea ematea DA lelopean. Asteazkenean aurkeztu dute programazioa azokaren antolatzaileek San Agustin kulturgunean, eta 153 erakusketarik 274 erakusmahaitan 933 nobedade eta dituztela iragarri dute, horien artean 639 liburu eta 216 musika argitalpen. Horrez gain, nobedade guztiak aurkezteko 200 ekitaldiren berri eman dute.

Eskaintza zabala egunez egun

Estilo askotako gaiak jorratzen dituzten lanak gozatzeko aukera izango dute kulturaren emaileek eta hartzaileek; antolakuntzak nabarmendutako Palestinari buruzko hainbat lan kasu, “euskaratik ere munduari begiratzen zaion adibide”.

Abenduaren 5ean Ikasle Goizarekin hasiko da urte honetako edizioa, eta eurei eskainitako hamaika tailer egongo dira gune guztietan. Hala ere, azoka zabalik egongo da bisitari guztientzat. Gazte Eztanda eguna abenduaren 6an izango da. Gazteei zuzendutako hamaika ekintza eskainiko dituzte, eta gauean Naxker eta Xaukena Xauk taldeen eskutik kontzertuak egongo dira. Egun osoko jaialdira etortzeko autobusak antolatuko dira Gasteiztik eta Iruñetik. Egun berean Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz telesaila estreinatuko du Marramiau sorkuntza kolektiboak, iazko Sormen Bekaren irabazlea. 7an Nestor Basterretxea artistari omenaldia egingo diote Landako Guneko areto nagusian.

Egitarauaren zenbait xehetasun eman dituzte antolatzaileek asteazkeneko aurkezpenean, Talaia gunean, adibidez, Euskaraldiaren kantua aurkeztuko dute, eta urtero lez, Euskadi Literaturako saridunekin berbaldia egonen da. Museo gunean Nestor Basterretxeari buruzko erakusketa bat egongo da, hitzaldia eta bisita gidatuak antolatu dituzte. Gune berean Euskal Editoreen Elkarteak hizkuntza minorizatuetako editoreen topaketa egingo du.

Ahotsenea eta irudienea

50 liburu eta 34 musika lan aurkeztuko dituzte Ahotsenean, antolakuntzaren hitzetan, “belaunaldi askotako sortzaileek transmisioaren katebegia gorpuztuko dute”. Ahotsenea Literatura espazioa Landako Gunearen alboko parkeko eremuan egongo da, Ahotsenea Musika, ostera, Plateruenean.

Irudienean euskal zinemaren 40 lan eskainiko dira, horien artean hainbat gazte zinegileren lanak: Ane Berriotxoaren Nire amaren etxea eta Jone Arriolaren Hor konpon, edota June Lasarteren Ardiek jakingo dute besteak beste. Zinebin aurkeztu zen Itoiz, udako sesioak dokumentalaren teaser-a ere aurkeztuko dute egileek.

Kabia, Saguganbara eta Szenatoki guneak

Eremu digitalera zabaldu da euskalgintza, eta Kabia gunean hitanoaren erabilera sustatzeko AppaHi! aplikazioa aurkeztuko dute. Adimen artifizialaren aukera eta mehatxuei buruzko eztabaida antolatu du Elhuyar fundazioak gune berean. Haurrak ere kulturaren hartzaile direlako eurei zuzendutako 25 ekitaldi programatu dituzte Saguganbaran; gorren komunitatearen ohiturak ezagutzeko Julian Rodriguezen liburuaren aurkezpena, eta Porrotx, Marimotots, Virginia Garcia eta Leire Bilbaoren liburuarena, adibidez.

Arte eszenikoen gune den Szenatokian hamar konpainiaren pieza laburrak egongo dira ikusgai. Gehienak antzerkiak izango dira, baina dantzak eta bakarrizketak ere egingo dituzte. Anolakuntzak nabarmendu duenez, obren artean hainbatek sexualitatea eta generoa bezalako gaiak landuko dituzte, horren adibide direla Las Paralelas konpainiaren Odola pieza performatiboa, eta Libe Mendizabal eta Zaloa Zamarreñoren Ontziratuak.

Etxetik jarraitzeko aukera

Durangoko Azoka etxetik jarraitzeko aukera egongo da, Azoka Telebistak Hartzea ematea DA magazinea eskainiko baitu egunero, eta tokiko telebistetan, azokako webgunean, Youtuben eta ETBn ikusi ahal izango da.

Ordutegiari dagokionean, iazko bera mantenduko da: azoka 10:30ean zabaldu eta 20:00etan itxiko da egunero, eta igandean arratsaldeko 18:00etan itxiko da, hurrengo ediziora arte.