argia.eus
INPRIMATU
90eko hamarkadako musikara itzuliko da Hondarribia Amua festibalaren urteko lehen ekitaldian
  • 1990eko musika eta irudietara itzulera proposatu du Hondarribiko Amua festibalak asteburu honetarako: High Fidelity filma emango dute Itsas Etxean eta ondoren 90eko hamarkadako bideoklipen maratoia egingo dute.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2020ko urtarrilaren 24a

Hondarribiko Amua festibalaren urteko lehen ekitaldia larunbat honetan izango da, Itsas Etxea auditorioan. Saio bikoitza prestatu dute antolatzaileek: 18:00etan Stephen Frearsek zuzendutako High Fidelity  filma emango dute lehenbizi –jatorrizko bertsioan, azpidatziekin– eta ondoren, 20:00etan, 90eko hamarkadako bideoklipen maratoia ikusi ahalko dute bertaratzen direnek.

Nick Hornbyren izen bereko nobelan oinarrituta dago High Fidelity eta aktore ezagunak ditu protagonista: John Cusack, Jack Black, Lisa Bonet edo Joelle Carter, besteak beste. Filmaren trama edozein musikazale erakartzeko modukoa da: Rob Gordon disko denda bat daukan tipo arrunta da, eta musikari buruzko ezagutza entziklopedikoa eduki arren, giza-harremanetan aginako zero bat da. Orduak pasatzen ditu apenas irabazirik ematen ez dion negozio horretan sartuta, bera bezain musikazaleak diren Dick eta Barryrekin halako edo halako gairi buruzko kanten “top bost” zerrendak egiten. Protagonistaren bizitza sentimentalari dagokionez, desastre hutsa da, batere konturatu gabe kabroi bat bezala jokatzen duelako beraren bikotekidearekin, honek “aski da” esaten dion arte. Bikote-harremanak, heldu izaten hasteko erronka eta musika, musika pila bat dira 2000. urtean estreinatu zen film honen osagaiak.

Bideoklipak pantaila handian

High Fidelity-ko protagonistak Marvin Gayeren Let’s Get It On dantzatzen ikusi ondoren, 1990eko hamarkadako bideoklipen txanda izango da. Proposamenak interes bikoitza du: batetik, ez da erraza izaten bideoklipak pantaila handian ikustea, garai batean telebistan eta gaur egun tamaina ugaritako tresnetan ikusteko pentsatutako irudiak baitira; bestetik, 1990eko hamarkada espezialki aberatsa izan zen genero horrentzat, gerora zinema munduan ibilbide oparoa egin duten zuzendarien lehen urratsen lekuko izan baitzen.

Besteak beste, Spike Jonze, Michel Gondry eta Chris Cunningham zuzendarien lanak ikusi ahal izango dira Itsas Etxean.

Ikus-entzunezko emanaldi horien ondoren, 90eko hamarkadako hit-ak entzun ahal izango dira Uxoa tabernan Amua DJ set-aren eskutik; eta DJ Erimaya gazte hondarribiarrak gauerdiraino luzatuko du festa, disco, funk, soul eta house estiloen arteko nahastura inspiratua eskainiz.

Pelikulak eta bideoklipak ikusteko sarrerak doan eskuratu ahal izango dira Itsas Etxea auditorioan larunbatean bertan, 16:00etatik aurrera.