argia.eus
INPRIMATU
908 ekologista hil dituzte hamarkada batean, erdiak Amazonian
  • Ekologisten erailketak gero eta ugariagoak dira, Hego Amerika eta Asian batez ere. Global Witness Gobernuz Kanpoko Erakundearen (GKE) txosten baten ondorioak dira hauek.

Ane Lusarreta 2014ko apirilaren 16a
Amazoniaren aldeko ekintzaileen hilketak salatzeko protesta. (Arg: Telemundo)

2002 eta 2013 artean 908 hilketa erregistratu dituzte, eta horietatik 10 baino ez dira kondenatuak izan.

Brasil da ingurugiroaren aldeko ekintzaile gehien hil dituzten herrialdea: Amazonia babesteko ekimenek gutxienez 448 heriotza eragin dituzte azken 11 urteotan.

Gero eta erailketa gehiago

GKEak salatu duenez baliabide naturalak eskuratzeko konpetentzia handitzen den heinean erasoek ere gora egiten dute.

2002an 51 pertsona erail zituzten, 2012an berriz 147 kontatu dituzte. Txostenean bildutako hilketen %80 baino gehiago Hego Ameriketan erregistratutakoak izan dira.

Datu bilketarako informaziorik ez

Txostenaren egileek jakinarazi dutenez, gaiari dagokion informazioa oso murritza da. Ziurtatu eta kontrastatu ahal izan dituzten datuak soilik erabili dituztela adierazi dute, eta horregatik “ziurrenik izebergaren punta” baino ez dutela ikustarazi.

Global Witnesseko kideen esanetan posible da Afrikako zenbait herrialdetan are heriotza gehiago egon izana: Nigerian, Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Zimbabwen besteak beste. Baina, erakundeak egiaztatzerik izan ez duenez gero, Brasil, Honduras eta Filipinetan erregistratu dituzte heriotza tasarik altuenak.

Legearen aurrean zigorgabetasuna

900 krimen baino gehiagok 10 epaiketa soilik izan dituztela salatu dute GKEko kideek: “Horren  azkar larritzen ari den arazoa oharkabean ari da pasatzen, eta kasu gehienetan hilketen eragileek bere horretan jarraitu dute”.

Baliabide naturalen eta lurrarekiko eskubideen aldeko protestak, kasu gehienetan, indigena eta gutxiengo etnikoetako kideek egiten dituzte. Global Witnessen esanetan “erasoak jasatea eta erantzukizunik ez eragitea errazagoa da, lanean ari diren guneak oso urrutikoak izaten baitira”.

Ez hilketak bakarrik

Heriotzen zenbatekoak jakitea zaila bada, erasoak erregistratzea are konplikatuagoa dela azaltzen du txostenak. Erailketak egoera muturrenekoak dira, baina mehatxu, intimidazio, kriminalizazio eta biolentzia kasuak ere ohikoak direla azpimarratu dute.