argia.eus
INPRIMATU
Sanferminetarako legez kanpoko etxebizitza turistikoak bereziki ikuskatuko ditu Nafarroako Gobernuak
  • 9.000 euroko isuna izatera hel daiteke legez kanpoko etxe turistikoaren jabea. 2022. urtean, 23 titular zigortu ditu gobernuak, eta webgunetan klandestinoak ziren 70 iragarki baino gehiago ezabatu ditu. Txibiteren gobernuak dioenez, helburua da estandar egokiak mantentzea, jarduera klandestinoa ezabatzea, turisten eskubideak bermatzea eta legeria homogeneoa lortzea.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko martxoaren 28a

Nafarroako Gobernuak sanferminetarako ostatu klandestinoak "gehiago" ikuskatuko dituela adierazi du . 9.000 euroko isuna izatera hel daiteke etxearen jabea, ezarritako neurriak betetzen ez baditu.

Nafarroako Gobernuaren arabera, 2022-2023 Turismoa Ikuskatzeko Planaren esparruan, 2022.urtean 375 egiaztatze ekintza egin ditu, turismo apartamentuen eta etxebizitzen eskaintza klandestinoaren kontrolaren jarraipena egiteko. Guztira, ostatuetako 23 titular zigortu ditu Nafarroako Gobernuak 2022an. Era berean, plataformetan eta webguneetan klandestinoak ziren 70 iragarki baino gehiago ezabatu ditu.

Aurreikusitako jarduerak lau helburu dituzte: kalitate turistikoko estandar egokiak mantentzea, instalazioetan eta zerbitzua ematean; jarduera klandestinoa ezabatzea, intrusismoa eta bidegabeko lehia lortzeko; turisten eskubideak bermatzea; eta legeria turistikoaren aplikazio homogeneoa lortzea, ikuskaritza lana egiteko jarraibide komunak ezarriz.

Jarduera horiek egiteko, Administrazioak informazioak landu ditu, partikularrek, bizilagunek eta sektoreak berak eskura jarritakoak. Horien bidez, legez kanpoko jarduerak egiten dituzten establezimenduak identifikatzen dira.