Osotara, 9.000 eskaera jaso ditu euskara eta elikadura burujabetzaren aldeko ekimenak 'Eskutik eskura' udaberriko kanpainan. Laster Euskal Herriko txoko guztietara iritsiko dira eskaerak.
Pozik agertu da Errigora 'Eskutik eskura' udaberriko kanpainaren emaitzak jakinarazterakoan. Osotara, 120.000 litro olio eta 26.000 sorta edo lote eskatu dituzte Euskal Herriko txoko askotatik, eta datozen egunetan banaketari ekingo diote.
"Mila esker eta zorionak Errigoraren #ESKUTIKeskura kanpainarekin bat egin dugun guztioi! 9.000 eskaera baino gehiago jaso dugu aurtengoan. Mila esker, bihotzez, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko uztari 9.000tik gora sukaldetako atea zabaltzeagatik. Eta, era berean, zorionak, uzta jasotzearekin erein ere egingo baitugu: kontsumitzaileen partetik jasotako babes izugarria ekoizpenaren eremuan pausu berriak emateko akuilu izango da", izan da Errigorak zabaldu duen mezua.
Aurtengo kanpainan Errigora Balioak identifikatzailea aurkeztu dute. Berme-zigilu berri hau hamarkada bateko lanaren emaitza dela azpimarratu nahi izan dute, eta orain erronka berriei aurre egiteko tresna izanen dela ere aurreratu dute. "Horretarako Errigora Balioekin bat egiteko deia egin genuen, eta erantzunak berriz ere hunkitu gaitu. Bereziki hunkitu gaitu, ziurgabetasuna eguneroko ogi dugun garaiotan: elikadura-burujabetzara eramango gaituen bide luzea argitzeko 9.000 su txiki baino gehiago piztu zaizkigu". Errigorako boluntario etaekoizleentzat bultzada berri bat dela ere gaineratu dute, "ausardiaz jokatzeko eta testuinguru sozial eta klimatikoari, auzolanean, tamainako pausuz erantzuten saiatzeko".
Honezkero, ekoizleak hasiak dira herri bakoitzeko plazara helduko diren kutxa eta bidoi palet-ak prestatzen, auzolanean, bakoitzaren eta besteen produktuekin osatzen baitira. Eta apirilaren 20tik aurrera, auzolanean berriro, herriz-herri helduko dira kamioiak tokian tokiko boluntarioek jaso eta kontsumitzailen eskuetarainoko azken entregak antolatzeko.