Ikerketa baten arabera, erregai fosilak erauzten aritu diren enpresa horietatik 50 jabetza pribatukoak dira, 31 estatuenak, eta beste bederatziak, gobernuak.
Zortzi urteko ikerketa baten ostean atera du ondorioa Richard Heedek, carbonmajors.org atariaren arabera: 90 enpresaren artean atera dituzte gerora industrian erretako erregai fosilen %60. Datua adierazgarriagoa da zerrendako lehen zortzi enpresei begiratuz gero; horiek emisio guztien %29 biltzen dute. Industria iraultzaren garaitik abiatuta osatu du ikerketa Heedek, 1791 eta 2011 arteko datuak bilduta.
Jabego ezberdineko enpresak daude 90en artean: 50 jabetza pribatukoak dira, ChevronTexaco eta Exxon-Mobil kasu. Beste 31 estatuenak, Saudi Aramco eta Pemex bezala, eta gobernuak dira beste bederatzi: Sobietar Batasuna eta Txina, esaterako.
Multinazionalek gehiago ekoitzi dute herrialdeek baino. Jabego pribatuko enpresek 315 giga-tona karbono dioxido isurtzeko adina erregai fosil ekoitzi dute, gobernu industriek 312 eta estatuen jabetzako enpresek 288.
Hala ere, hiru jabego motatako ekoizleak agertzen dira lehen hamarren zerrendan: besteak beste, inbertsore pribatuen ChevronTexaco eta BP, estatuaren Royal Dutch Shell eta National Iranian Oil Company nahiz Poloniako Gobernua aurkitu daitezke postu horietan.