argia.eus
INPRIMATU
9 egun gose greban “kontzientziak esnarazi eta borrokak batzeko”
  • Maiatzaren batetik gose greban dago Jose Mari Lejardi garraiolaria, Zamudioko (Bizkaia) poligono industrial batean. Garraiolarien sektoreko baldintzak salatu nahi ditu, borrokak batu eta herritarren kontzientziak pizteko.

Ane Lusarreta 2014ko maiatzaren 09a
Maiatzaren lehenean greba hasi zuen Jose Mari Lejardik bederatzigarren eguna beteko du gaur. (Argazkia: Berria)

Bizi kostuek gora egin badute ere, garraiolarien soldatak 2005az geroztik izoztuta daudela salatu du Lejardik: “Gasolina, argia, janaria… guztia gero eta garestiagoa den bitartean gure soldatak ez dira igotzen. Erosteko ahalmena %23 eta %25 artean galdu dugu garraiolariok” adierazi du Info7 irratiko Kale Gorrian saioan egin dioten elkarrizketan.

Ekonomia krisiak eraginda gizartea beldur dela uste du garraiolariak, eta horrek enpresaburuei xantaia egiteko aukera ematen diela jakinarazi du: “Lan baldintza iraingarriak onartzen ez baditugu gutxiagoren truke lan egingo duten pertsonak gure lekua hartzeko prest daudela esaten digute, eta hala da”.

Bestalde, enpresen arteko konpetentziak gero eta prezio baxuagoak eskaintzea eragiten duela ere aipatu du 55 urteko beharginak.

Batuz gero, irabazteko aukera

Gaur egungo gizartean garraiolarien grebak “dena” paralizatuko lukeela uste du Lejardi: “Ez litzateke dendetan janaririk egongo, ez materialik fabriketan (…)  Burmuina eta odola bezalakoa da, burmuin garatua eduki dezakezu, baina gorputzean odolik ez badago ez dago ezer egiterik”.

Gose greba sektoreko kideak borrokara batzeko keinua izatea nahi du Lejardik. Sektoreko kideen artean “batasun eta konfiantza falta handia” dagoela uste baitu:  “Jarrera miserableak ikusten dira, ondokoa erortzearen esperoan egoten dira sektoreko asko, bere lana eskuratzeko. Sistema honen eraginez horretara ari gara iristen…” adierazi du Info7n eskainitako elkarrizketan.

Ez da lehenengo gose greba

Lehenagotik ere beste bi gose greba egina da Lejardi, aurrekoak euskal preso politikoen eskubideen aldekoak izan ziren.

Dena dela, oraingoa “berezia” dela dio garraiolariak, bere osasun egoerak kezkatzen duelako, eta aurreko protestatan lortu ez duen oihartzun mediatikoa lortzen ari delako: “Ez nuen uste hedabideek jaramon handia egingo zidatenik, baina orain arteko egunetan ez naiz gelditu ere egin”, aitortu zuen protestaren zortzigarren egunean Berriari eskainitako elkarrizketa batean.