argia.eus
INPRIMATU
89 urteko emakume baten etxe-kaleratzea gelditu dute Santurtzin
  • Coral Homes La Caixa bankuaren funts putreak Lidia Gil santurtziarra kaleratu nahi izan du bere Mamarigako etxetik. Epaileak bi aldeei eskatu die akordioa lortzeko. Emakumea 17 urtez bizi izan da pisu horretan, usufruktuan, Residencial Mamariga enpresak egindako iruzur baten ondorioz.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 29a
Lidia Gilen etxe-kaleratzearen aurkako protesta, epaiketaren ondoren. Argazkia: Ecuador Etxea

Lidia Gil 89 urteko santurtziarraren etxe-kaleratzea bertan behera gelditu da. Gil 17 urtez egon da Mamariga auzoko etxe batean usufruktuan bizitzen, eta Coral Homes La Caixa bankuaren funts putreak bota egin nahi izan du. Ekainaren 3an joan ziren auzitara, eta epaileak ebatzi zuen bi alderdiek akordioa lortu behar zutela emakumea kalean gelditu ez zedin. Hilabete geroago, Lidia se queda plataforma herritarrak argitu du erabakia behin betikoa dela, eta kaleratzea gelditu egin dela, funts putreak ez duelako kontrako helegiterik jarri.

Gilek duela bi hamarkada lortu zuen etxebizitza, Jabyer Fernández Residencial Mamariga enpresako hirigintza-sustatzailearekin tratua egin ondoren. Fernándezek etxebizitza berri bat eskaini zion Gili, momentu hartan bizitzen ari zen pisuaren truke. Eraikuntza berria egin bitartean (4 urte), enpresariak Mamariga auzoko hirugarren etxe bat utzi zion usufruktuan bizitzeko. Baina pisu berria ez zioten inoiz eman, eta emakumea 17 urtez egon da behin-behineko etxebizitzan bizitzen.

Residencial Mamariga higiezinen enpresak porrot egin zuen, eta Gilek usufruktuan zuen etxea Coral Homes La Caixa bankuaren funts putrearen esku geratu zen. Funts putreak emakumea kaleratu nahi zuen, eta auzia epaitegietara heldu zen 2020an. Horren aurretik, Ángel Torres Lidia Gilen ilobak Deia hedabideari adierazi zionez, alokairua ordaintzea proposatu zioten funtsari, baina Coral Homesek ez zuen tratua onartu, pisua saldu egin nahi zietelako. Torresen esanetan gehiegizko salneurria jarri zuten, pentsa-ezinezkoa, 660 euroko pentsioa duen emakume batentzat.

Epaiketa luzea

Lourdes Torres Lidia Gilen ilobak Qué me estás contando Eitb-ko programari eskainitako elkarrizketa batean azaldu zuen, izebak Residencial Mamarigarekin hitzartuta zuten etxebizitza eraiki zenean, pisua beste pertsona bati saldu ziotela. Orduan deitu zuten lehen epaiketa, baina bertan behera gelditu zen. Bigarren aldian, Jabyer Fernández eta bigarren akusatua, Emilio Prieto, ez ziren azaldu.