argia.eus
INPRIMATU
Kultur fakturazioa 88,2 milioi euro apaldu denean, 5,9 milioiko dirulaguntza onartu du Jaurlaritzak
  • Iaz kultur sektoreko profesionalen fakturazioa 88,2 milioi euro jaitsi zen; bataz beste %64,6. Testuinguru horretan, Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 5,9 milioi euroko dirulaguntza poltsa onartu du (hasieran iragarritako 1,1 milioi euroak barne). 416 eskaera jaso dituzte eta hauetatik 361 onartu, gehienak, 138, musika alorrekoak.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 11
Argazkia: Gobernu Kontseilua.

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, iaz kultur sektoreko profesionalen fakturazio jaitsiera guztira 88,2 milioi eurokoa izan zen: bataz beste, fakturazioa %64,6ko apaldu zitzaien. Izan ere, jarduera asko bertan behera geratu dira eta aforoak ere murriztu dira. Jaurlaritzak aitortu duenez, "horrek testuinguru aldakorrak eta ziurgabetasun maila handia eragin ditu sektorean kultur egituren bizi-iraupena kolokan jarriz".

Testuinguru honetan, guztira 5,9 milioi euroko dirulaguntza poltsa onartu du Gobernu Kontseiluak (hasieran iragarritako 1,1 milioi euro horiek barne). Dirulaguntza hauek kultura arloko profesionalei zuzendutakoak dira.

416 eskabidetik 361 onartu ditu Jaurlaritzak

Apirilaren 16an bukatu zen "COVID-aren eragina arintzea helburu duten" diru-laguntza hauek eskatzeko epea eta 2019ko fakturazioarekin alderatuta, 2020an %20tik gorako fakturazio murrizketa izan zuten pertsona autonomo, enpresa eta kulturako erakunde profesionalek izan dute aurkezteko aukera.

Guztira 416 eskabide jaso zituen Jaurlaritzak eta horietatik, "baldintzak betetzen dituztelako", 361 eskaera onartu ditu. Sektoreka honako hau da dirulaguntzetara aurkeztutakoen banaketa:

Musika alorrekoak 138

Arte eszenikoak 115

Ikus-entzunezkoak 99

Bitartekaritza/kultura eta aholkularitza 19

Ikusizko arteak 18

Arkeologia eta ondarea 13

Literatura eta liburua 11

Bertsolaritza 3