argia.eus
INPRIMATU
87 milioi euroko kostua izan du urriaren 1eko polizia operazioak, Zoidoren arabera
  • Espainiako Senatuan azalpenak eman ditu ostegun goizean Espainiako Barne Ministroak. Urriaren 1ean indar polizialek izandako jarrera defendatu du, “legitimoa, profesionala eta neurrikoa” izan zela argudiatuta.

Andoni Mikelarena @andonimik 2018ko urtarrilaren 18a
Arg: EFE

PSOEk eta EH Bilduk Espainiako Senatuan egin zuten eskariari erantzunez, Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne Ministroak Koperniko operazioaz azalpenak eman ditu. Ia lau hilabete iraun ditu operazioak, nahiz eta urriaren 1a izan zen puntu gorena. Zoidoren esanetan 87 milioi euroko kostua izan du Espainiako milaka polizia Kataluniara ia lau hilabetez bidaltzeak.

Orain arte Katalunian izan diren polizien kopuru zehatza ez du aditzera eman Espainiako Gobernuak. Espekulazio ugari egin dira zifra horien inguruan, eta batzuk 10.000raino igo dute kopurua. Ministroaren arabera, 6.000 bat poliziak hartu dute parte, “tentsio handieneko momentuetan”, baina gainontzeko egunetan 4.500 bat izan dira.

Sutsuki defendatu du erreferendumaren egunean indar armatuek izan zuten jarrera.  Bere esanetan, “demokraziak bere historiako momenturik gogorrenetako bizi izan du” eta horren aurrean “auzitegien aginduak bete dituzte soilik poliziek”. Gainera, indarkeria modu “legitimo, profesional eta neurrikoan” erabili izana txalotu du Zoidok.

Gogorarazi du, zenbait polizia ere zauritu zituztela urriaren 1ean, nahiz eta ez duen zifra zehatzik eman. “Errealitatea manipulatzeko” saiakera gisa definitu du urriaren 1aren trataera komunikatiboa eta "irudi faltsuak zabaldu” zirela ere gaineratu du.

1.000 zauritutik gora eragin zituzten Espainiako Indar Polizialek erreferendumaren egunean  -horietatik 257k jada salaketa jarri dute-. Hori dio behintzat Kataluniako Osasun Zerbitzuek zabaldu zuten txostenak. Zoidok ordea indar polizialen jarrera proportzionala defendatu du.