argia.eus
INPRIMATU
8,7 metroko altueratik erori zen Aiaran hildako langilea, gutxieneko segurtasun neurririk gabe
  • Osalanek hasierako txostena osatu du eta nabarmendu du 8,7 metroko erorketa izan zuela behargin senegaldarrak. Ez zuen arnesik eta eskuko eskailerarekin igo zen teilatura.

Aiaraldea @aiaraldea Aitor Aspuru Saez 2020ko otsailaren 28a
Asteartean bertaratu ziren Ertzaintza eta Osalan lantegira. / Aiaraldea.eus

Aiaraldea hedabideak aukera izan du Osalanek astelehenean jazotako lan heriotza dela eta egindako hasierako txostena irakurtzeko eta zenbait datu argigarri jasota daudela ikusi du. 

Hasteko, osasun erakundeak adierazi du 8,7 metroko altueratik jauzi zela Zorroza enpresan zendutako langilea. Segurtasun adituek Aiaraldea hedabideari azaldu diotenez, 2 metroko altuera igarota lan egin beharrez gero, arnesa erabili behar da, besteak beste.

Ordea, langile senegaldarrarentzat zegoen bitartekoa eskuko eskailera bat izan zen. Antza, teilatu-hodiak aldatzea izan zen bere eta beste hiru beharginen eginkizuna.

Lan prebentzioan aditua eta LABeko kidea den Peli Ortiz de Zaratek ziurtatu du horrelako kasuetan araudiak ez duela baimentzen eskaileraren erabilera, plataforma igogailua baliatu behar baita.

Leire Heredia ELA sindikatuko lan prebentzioko arduradunak, aldiz, aipatu du gutxieneko trebakuntza behar dela 2 metroko altuera gainditzen denean. Hildako langileak astebete bakarrik eman zuen Zorroza enpresan. Herediak gehitu du horrelako ardurak zehaztuta egon behar direla eta ezin zaizkiola edonori esleitu.

Elementu aldaketa teilatuan

Osalanek beste datu deigarri bat jaso du bere txostenean. Izan ere, iradoki du teilatuan elementuak aldatu dituztela istripua gertatu zen tokian, ezbeharra gertatu eta gero.

8,7 metroko altuera

Aiaraldea hedabidea asteartean Ertzaintzarekin harremanetan jarri zenean lan istripuaren berri izateko, poliziaren komunikazio zerbitzuak aipatu zuen 4 metroko erorketa izan zuela langileak.

Gaur berriro horri buruz galdetuta, Ertzaintzak argitu du 112 telefonora larrialdiaren berri emateko deitu zutenek ez zutela zehaztu zenbateko altueratik jauzi zen langilea. Gero, larrialdi zerbitzuek jaso zuten 4 metroko datua, behin lantegira bertaratuta.

Azkenean, Osalanek zehaztu du 8,7 metroko altuerako erorketa izan zela benetan.