argia.eus
INPRIMATU
%8,6ak uzten ditu ikasketak Hego Euskal Herrian. Zer dago eskola-porrotaren atzean?
  • Europan gazteen %10ak uzten ditu ikasketak, Nafarroan %10,8ak eta EAEn %6,5ak. Maila sozioekonomikoak eragin nabarmena du eskola-porrotean eta horri aurre egiteko hezkuntzak eskaintzen dituen baliabideak jartzen dituzte adituek jomugan: “Ez da ikaslea amore ematen duena, hezkuntza sistema da ikaslea nolabait kanporatzen duena”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko otsailaren 23a

Derrigorrezko hezkuntza egin ostean ez Batxilerra, ez Lanbide Heziketa ez bestelako inongo formakuntza arauturik egiten ez duten gazteak islatzen dituzte datuok. Ikasle horren profila? Mutila, maila sozioekonomiko baxuko familiakoa edota atzerrian jaioa. “Ikasketak goizegi uzteaz ari bagara, badirudi ikaslearen borondatea dela gakoa, baina ikaslea pixkanaka kanporatzeko hezkuntza sistemak dituen mekanismoez hitz egiten badugu, fokua hezkuntza sisteman jartzen dugu, ikasle horiek mantentzeko sistemak duen gaitasun faltan”, dio Silvia Carrasco irakasleak El Salton. Adibidez, hezkuntza publikoaren finantzaketan murrizketak egiteak esan nahi du premia bereziko ikasleentzat eta laguntza behar duten ikasleentzat bitartekoak murriztea.

Etxean –inguruan– ikasle horrek dituen baliabideak, gurasoen ikasketa mailak, egoera pertsonal eta familiarrak, etorkizunerako beragan jarri diren espektatibek… zerikusia dute emaitzan, nabarmen gainera, ikerketen arabera. Eskola-porrota deiturikoa ez da eskolaren porrota, gizarte antolaketa jakin baten porrota baizik: jaiotzetik, kasik kondenatuta daude batzuk eta horregatik da hain handia bai eskolak bai gizarteak duen erronka, egoerari aurre egiteko.

Gaiari lotuta:

Ikasketa librea ez da hain librea