Espainiako Kongresuak martxoan onartu ostean, ekainaren 25ean sartu zen indarrean Eutanasia Legea. Lehen prozedura uztailaren 23an egin zitzaion 86 urteko emakume euskaldun bati. Legea aplikatzen hasi eta hilabete geroago, Osakidetzak beren bizitzarekin modu duinean amaitu nahi duten hamabost pertsona baino gehiagoren eskaerak jaso ditu, El Correo hedabideak azaldu duenez.
86 urteko emakume bati eustanasia egin diote uztailaren 23an. Euskal Herrian egin den lehen kasua izan da, Duintasunez Hiltzeko Eskubidearen Elkarteko (DHE) Rafa Sal-ek Radio Euskadiri adierazi dionez. Ipar Euskal Herrian eutanasia legez kanpo dagoen arren, Hego Euskal Herrian ekainaren 25ean sartu zen indarrean prozedura arautzen duen legea, Espainiako Kongresuak martxoan onartu ondoren.
Duintasunez hiltzeko eskubidea erabili duen lehen herritarraren semeak El País hedabideari eskaini dion elkarrizketan azaldu du prozedura era oso egokian garatu dutela profesionalek. “Oso azkarra izan da, zailtasunik gabe, eta oso modu zuzenean eta naturalean egin da. Hotza da, baina, aldi berean, oso humanoa, amaiera oso duina”. Gizonak osasun langileen tratua ere goraipatu du, “hurbila” eta “sentsibilitate handikoa” izan dela adieraziz. Familiak bere etxean egin du prozedura osoa, eta uneoro “babestuta” sentitu direla adierazi dute.
Halere, izapideak egiteko bidea ez da hain erraza izan. 86 urteko emakumeak duela hamarkada bat adierazi zuen bere bizitzarekin amaitzeko nahia, etorkizunean haren bizi baldintzak asko okertuz gero. Semearen esanetan, “ez da erraza horrela hiltzea, baina bera jada ez zegoen bizirik, eta ez zuen egon nahi”. Egoera okertu ondoren, Eutanasia Legea onartzean hasi zituzten izapideak, eta araubideak adierazten duen bezala, 40 eguneko prozedura jarraitu behar izan zuten.
Pazienteak “ezin onartukotzat duen eritasuna edo pairamen sendaezina” duenean baino ez da aplikatzen eutanasia. Baldintzak betez gero, eskubidea erabili nahi duen pertsonak familiako medikuari adierazi behar dio eskaria, berarekin elkarrizketa bat izan, eta hamabost egunen buruan, eskaera hori berretsi. Ondoren, ebaluazio batzorde batek eta beste mediku batek onartu beharko dute gaixoaren eutanasia prozedura. Hilabete baino gehiago iraun dezake bideak; 40 egun, gehienez ere.
Zailtasunak zailtasun, legea aplikatzen hasi direnetik, hamabost eutanasia eskaera baino gehiago jaso ditu Osakidetzak, El Correo hedabidearen arabera. Prozedura garatzeko, osasun zentro publiko zein pribatuetako 2.600 medikuri eta erizaini eman diete formakuntza.