Asteazkenean argitaratu dituzte EAEko ogasunek zordun handien izenak jasotzen dituzten zerrendak. 242 izen ageri dira horietan, 850 milioi euroko zorra pilatuz. Nafarroako ogasunak asteartean argitaratu zuen zerrenda. Lurralde guztietako zerrendetan, higizezinen eta eraikuntza sektoreko enpresak nabarmentzen dira.
Zordun handien zerrenda argitaratu dute Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako ogasunek, 2020an milioi batetik gorako zorra duten zergadunen izenekin. Hiru lurraldeetako datuak bateratuz gero, iazko abenduan 242 ziren milioi batetik gorako zorra zutenak EAEn.
Bizkaian 159 zordunek osatzen dute zerrenda, 454,35 milioi euroko zorra pilatuz; Araban 38 izen ageri dira zerrendan, 132 euroko zorrarekin; eta Gipuzkoan 45 dira zordunak, eta 264 milioi euro zor dituzte. Orotara, 850 milioi euro zor diete EAE zordun handiek ogasunari.
Lurraldekako zerrendak behatu eta aurreneko lehen bost postuetan erreparatuz gero, Bizkaian eta Gipuzkoan higiezinen eta eraikuntzaren sektoreko enpresak dira zordun handienak, eta Araban ere bada sektore horiekin lotura duenik goi postuetan.
Zordun handiena Iurbenor Promociones da Bizkaian, kasik 52,3 milioi euroko zorrarekin. Atzetik jarraitzen diote Moldis Echarro SL-k, Industrias Domesticas SA-k, GM Fuel Tank SL-k eta Abaroa SA-k.
Gipuzkoako zerrendan, Lagilur SL-k betetzen du lehen postua 80,2 milioi eurotik gorako zorrarekin, eta atzetik ditu LH Commodities & Investments SL, Osinalde Echaniz Jose Ramón, Osinalde Echaniz Juan Miguel (Osinalde Echaniz biek higiezinen sektorearekin dute lotura) eta Fagor Electrodomésticos S. Coop.
Araban Goya Sesenta y Nueve SL da zordun nagusi, 18 milioi eurotik gorako zorrarekin, eta atzetik ditu Eguren Vitoria SA, Urco & Urbasa UTE, Ros Casares Centro del Acero SL, eta Grupo Iicarcris SPE SL.
EAEko datuak ezagutzera eman baino egun bat lehenago argitaratu zuen Nafarroako Ogasunak zordunen zerrenda. Nafarroako kasuan, 120.000 eurotik gora zor duten enpresen eta norbanakoen izenak jasotzen ditu dokumentuak, eta ez soilik milioi bat eurotik gorako zorra dutenenak. 673 izenek osatzen dute, eta denen artean 2020an 319,9 milioi euroko zorra pilatu dute ogasunarekin. Lurralde honen kasuan ere, sektoreei erreparatuz gero, zorrik handiena, %39,04 (124,9 milioi), etxe eta eraikuntza sektoreak sortutakoa da.