argia.eus
INPRIMATU
85 kamioi hozkailu eta 250 anbulantzia bidali dituzte New York hirira, gorputegi gisa erabiltzeko
  • AEBetako krisiaren epizentroa New York Hiria da. Bertan dagoeneko 1.100 pertsona hil dira eta gora jarraitzen du pandemiak. Democracy Now hedabideak zabaldu duenenez, behin behinean gorputegi gisa erabiltzeko 85 kamioi hozkailu eta 250 anbulantzia bidali ditu Larrialdiak Kudeatzeko Agentzia Federalak. Gurutze Gorriaren itsasontzi ospitala ere iritsi da hirira.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 01
New Yorken gorputegi gisa erabiltzen ari diren anbulantzien irudi bat.

Horrez gain, The Intercept hedabide independenteak informatu duenez, espetxe gisa erabiltzen duten Rikers Uharteko presoei orduko 6 dolar eta gaitzetik babesteko ekipamendua eskaini diete Hart Uharteko hilerrian hobi komunak zulatzearen truke.

Rikers espetxean koronabirusa zabaltzen ari da eta dagoeneko 167 presok eta 137 espetxezainek positibo eman dute.

New York hiriko Central Park-en, larrialditarako ospitalea ere eraiki dute. Hala ere, Democracy Now-n jaso dutenez, Samaritan's Purse kristau fundamentalisten ekimena da, eta hauen lider Franklin Graham modu nabarmenean da islamofoboa, anti-LGBTQ eta anti abortista. New Yorkeko alkate Bill de Blasiok esan du gainbegiratuko dutela ospitale horretan ez dela gaixorik diskriminatzen.