Abdullah Ocalan PKK-ko buruzagi historikoaren espetxe isolamentua amai dadila eskatzeko, 85. eguna bete du gose greban Leyla Guvenek. HDP alderdiko legebiltzarkidea eta DTK alderdiko presidentea da. Mundu mailan Guvenen protestari oihartzun ematen ari dira ekintzaileak eta dozenaka lagunek gose greba abiatu dute batean eta bestean.
Guvenen osasun egoera kritikoa da, ANF agentzia kurduak informatu duenez. Neke handia eta likidoak hartzeko zailtasuna dauka, medikuen azken azterketak ondorioztatu duenez. Pisu galera nabarmenaz gain, masa muskular handia galtzen ari da.
Abdulah Ocalan 1999tik daukate preso, isolatuta, Turkiako Imrali uharteko espetxean, bizi osorako kartzela zigorra jarrita. Ocalan pisu handiko figura politikoa da Kurdistanen, antikapitalista sutsua da bere liburuetan argi utzi duenez.
Leyla Guvenen gose grebaren ostean, aldarrikapena indartu asmoz, beste jende ugarik egin du bat protestarekin. Azpiko txioan ikusten denez, Nasir Yagizek 72 egun bete ditu, preso politikoek 47, Estrasburgoko gose grebalariek 46, Galesen dagoen Imam Sisek 46, Kanadan dagoen Yusuf Ibak 19, besteak beste.
#hungerstrikes CONTRE L'ISOLEMENT :#LeylaGuven 85 jrs#NasirYagiz (#Erbil) 72 jrs
— Conseil Démocratique Kurde en France (@codemkurde) 2019(e)ko urtarrilaren 31(a)
Prisonniers politiques 47 jrs#Strasbourg 46 jrs
ImamSis (#Wales) 46 jrs#YusufIba (#Canada) 19 jrs#MeleMustafa 19 jours#HuseyinYildiz (#LaHaye) 13 jrs #HasbiÇakici (#LaHaye) 12 jrs@CoE_CPT pic.twitter.com/QpH32UZhzO
ANF agentziaren albisteetan irakur daiteke gose grebak egiten ari direla leku askotan. Preso politiko ugarik ere bat egin dute protestarekin eta Duzceko espetxean daudenak torturatu egin dituztela salatu dute, oinak lotuta eta eskumuturrak eskuburdinez bizkarraren atzean loturik mantenduz.
Nasir Yagizek 72 egun bete ditu gose greban, HDP alderdiko legebiltzarkidea da hau ere. Oso ahul dago, azken mediku azterketen arabera.
Alemaniako Kassel hirian gose greba abiatu dute lau lagunek.
Maxmur errefuxiatuen gunean ere txandakako gose greba abiatu dute emakumeek.
Qamishlo eskualdean 80 pertsona hasi dira gose greban. "Kurduak erresistentzian bizi gara eta borrokan jarraituko dugu gure zuzendaritza askatu arte", adierazi zuten, ANFk jaso duenez.
Estrasburgon gose greban diren 14 kurduek 46 egun bete dituzte.
Kanadan bizi den Yusuf Iba kurduak 19 egun daramatza gose greban.