76 urteko emazteak zauri larriak ditu. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, ostiral goizaldean egin dio eraso eta Ertzaintzak senarra atxilotu du emaztea hiltzen saiatzeagatik.
Arabako alea.eus hedabideak jakinarazi duenez, Gasteizko Pilar auzoan gertatu da erasoa. Senarrak arma zuri batekin eraso dio eta emazteak zauri larriak ditu. Txagorritxu ospitalera eraman dute. Erasoa auzoko eraikin batean izan da, eta abisua jaso ostean, larrialdi zerbitzuak, Ertzaintza eta Udaltzaingoa bertaratu dira.
Gasteizko alkateak indarkeria matxista errotik moztea eskatu du
Udaleko gobernu batzarraren ondoren eman duen prentsaurrekoan hitz egin du Maider Etxeberria Gasteizko alkateak. Naiz hedabideak jaso duenez, alkateak eskatu du “indarkeria matxista sustraitik moztea, gizarteak kontzientzia hartzea eta aurre egitea”. Etxeberriak adierazi duenez, emakumeak "zauri oso larriak" ditu. Hala esan du alkateak: “Atsekabetuta gaude eta onartezina da emakumeak gizon batzuentzat jomuga izaten jarraitzea”. Udalaren eta bere babesa helarazi nahi izan die biktimari eta ingurukoei.
Etxeberriak iragarri du larunbatean (irailak 7) 11:00etan elkarretaratzea egingo dutela Plaza Berrian.