argia.eus
INPRIMATU
84 urteko donostiarra kaleratu nahi zuen mailegatzaileak jende gehiago engainatu duen ikertuko dute
  • Mailegatzailea epaitu ahal izango dute orduan, lukurreriazko maileguak modu profesionalean emateagatik. Abokatuek Patxi Zubiaurre 84 urteko donostiarraren etxegabetzea geldiarazi dute oraingoz.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2017ko urtarrilaren 19a
Patxi Zubiaurre, erdian eserita, bere etxegabetzearen aurkako ekitaldi batean (Arg.: El PaĆ­s)

Jose Maria Erauskin eta Maite Ortiz abokatuek ezin izan dute argudiatu epailearen aurrean enpresak gehiegizko klausulak aplikatu dituela, mailegu emaileak partikulartzat hartzen direlako, eta ez banku entitatetzat. Beste zenbait kasuren berri izan dute, bata Gipuzkoan eta besteak Bizkaian. Horien bidez, frogatu nahi dute Abacredit-ek modu profesionalean eman dituela mailegu lukurariak.     

Patxi Zubiaurre etxetik botatzea eragotzi dute oraingoz, kaleratu behar zuten pertsonaren adina, zaurgarritauna eta osasuna kontuan hartzeko eskatuz. Donostiako epaile batek aintzat hartu du eskaria, eta maiatzera atzeratu du urtarrilaren 18an egitekoa zen etxegabetzea.

84 urte ditu Zubiaurrek, eta 40 inguru daramatza Donostiako Baleazaleen kaleko etxe batean bizitzen. %19,5ko interesdun 100.000 euro inguruko hipoteka zuen, eta hura ezin ordaindurik enkantean galdu zuen etxea. Haren jabetza Abacredit mailegu-enpresak bereganatu eta Zubiaurre kaleratzeko eskatu zion epaitegiari.

Abacredit 2011n sortu zen. Maria Pilar Doncel Prieto da enpresaren administratzaile bakarra, eta Jose Manuel Bilbao Gorordo ahalduna.