argia.eus
INPRIMATU
84 talde izango dira 20. Hatortxu Rocken
  • “Inoizko elkartasun jaialdirik handiena” egingo dute asteburu honetan Lakuntzan. Lau egunez 84 musika taldek osatutako kartelean, euskal eszenako talderik garrantzitsuenez gain, espresuki jaialdirako batu diren zazpi talde izango dira.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko uztailaren 26a

Jada hogei urte dira, Gabonen bueltan egiten dela Hatortxu Rock jaialdia, Iruñerrian. Euskal presoen eskubideen alde, eta dispertsioaren kontra egiten den jaialdirik handiena da. 10. urteurrena ospatzeko lau eguneko kanpaldia egin zuten 2008an, eta 20. edizioa dela-eta aurten formatua errepikatzea erabaki dute.

Hilabeteak daramatzate auzolanean dena prest egon dadin, eta gerturatuko diren ikusleentzat informazio guztia gida praktiko honetan bildu dute. Jada 5.000 lagunek eman dute izena txandak egiteko, baina oraindik 800 gehiago falta direla abisatu dute. Dei egin dute internet bidez izena emateko.

Jaialdiak urteetan zehar egindako lanari esker onez, antolatzaileek hala eskatuta, berriro batu dira zazpi talde: Kerobia, El Corazón del Sapo, Ekon, Des-Kontrol, Inadaptats, Ehun Kilo eta  Amparanoia. Hasiera batean Bizardunak taldeak ere iragarri zuen bertan izango zela, baina azken orduan ez dutela batzerik izan jakinarazi dute. Beste berezitasunen artean izango da Betagarri arabarren azken kontzertua izango dela Hatortxu honetan.

Berezia izan dadin, duela hamar urte egin zen jaialdirako kantuaren bertsioak egin dituzte Kaotiko, Mafalda, Liher, Revolta Permanent, The Guilty Brigade eta Txuma Flamarique taldeek.

Parekidetasuna erronka

Kartela iragarri zutenean sare sozialetan hainbatek salatu zuen parekidetasun falta: 84 taldeetatik 20etan soilik dago emakumeren bat.

Sare sozialetan zabaldu zen emakumerik gabeko taldeak ezabatuta geratuko litzatekeen afitxa

Hala ere, behin baino gehiagotan egin dute autokritika antolatzaileek eta irailerako HTX Rock Lilaketa jarri dute martxan, oholtza gainean emakumeen presentzia handitzeko helburuarekin. Gutxienez emakume bat izan behar dute parte hartzen duten taldeek, eta irabazleak disko bat grabatzeko aukera izango du.