argia.eus
INPRIMATU
8,3 mila milioi tona plastiko sortu dugu 1950etik
  • Mundu osoan 1950etik gaur arte ekoiztutako plastiko kopurua eta honek ingurumenean duen eta izango duen eragina aztertu eta txostena argitaratu dute zientzialari estatubatuar batzuek Science Advances aldizkarian. 822.000 Eiffel dorreren pisua du hamarkadotan sortutako plastikoak edo 80 milioi balerena.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko uztailaren 20a
2050erako gaur egungoaren hiru halako plastiko ekoiztea aurreikusten da (arg.: spiegel.de).

Ekoizpen maila altuena duen hirugarren materiala da plastikoa, zementuaren eta altzairuaren atzetik. Baina azterketak ematen dituen datuetan esanguratsua ez da kopurua bakarrik. Gizakiak sortzen duen plastiko horren guztiaren artean 6,3 mila milioi tona hondakina da, hortik %9 soilik birziklatzen da, %12 erraustu, eta %79 zabortegietan zein ingurumenean pilatzen da.

Material sintetiko honen ekoizpenaren tendentzia goranzkoa da, eta ez du desazeleratzeko itxurarik. 1950ean milioi bat tona sortu zen, eta 2015ean berriz, 380 milioitik gora. Azken 67 urte hauetan 8,3 mila milioi tona plastiko sortu bada, gainera, kopuru horren ia erdia azken hamahiru urteetan ekoitzi da.

Plastikoak gure eskuetan izaten duen iraupena beste material askorena baino askoz ere baxuagoa da. Altzairua, esaterako, eraikuntzarako erabili ohi da asko, eta hamarkada batzuetarako bizi itxaropena du. Ekoitzitako plastikoaren kopuru altu bat, ordea, lau urte edo gutxiagoren buruan hondakin bilakatuko da. Material honen bizi itxaropena izugarri luzatzen da baina, hondakin bilakatuta ere, kasu gehienetan ez baita biodegradagarria; eta ehunka edo milaka urtetako bizia izango du.

2050erako 25 mila milioi tona

Erritmo honetan jarraituta, azterketak dio 2050erako gizakiak 25 mila milioi tona plastiko sortuta izango dituela, alegia, gaurkoaren hiru halako. Yvan Chalamet zientzialariak adierazi du borondate politikoak alda ditzakeela produkzioaren norabide batzuk. Frantzian, esaterako, 2016an denda eta supermerkatuetan plastikozko poltsak debekatu ziren. Horrela urteko 80.000 tona plastiko gutxiago sortu dute urtebetean.