argia.eus
INPRIMATU
81 amonak bereizten gaituzte neolitotik
  • Aurkeztu berri dute 81 amama dokumentala. Euskal identitateak, emakumeak, eta baserriari lotutako bizitza ardatz dituen ikus-entzunezko sorkuntza. 81 amonak bereizten gaituzte neolitikoko euskal jendartetik, Izaro Glez. Ieregi zuzendariaren arabera.

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko urriaren 18a
Izaro Gonzalez Ieregik zuzendutako 81 amama dokumentalaren afixa. (Arg: Topatu.info)

Euskal arima ez galtzeaz egiten zuen solas Jorge Oteizak, 1963an argitaratutako Quousque tandem....!, euskal arimaren interpretazio estetikoa saiakeran. Neolitikotik ordura arte 80 amona baino ez zirela pasa zioen. Oteizaren teoria berritu du Izaro Gonzalez Ieregik: neolitikotik 2013ra arte 81 amona pasa direla dio.

Filmaren estrainaldia egin berri du Gonzalek, Dokan. Euskal identitatearen eraikuntzari buruz mintzo da. Amonak eta bilobak elkarrizketatu ditu, eta bakoitzari haren bizimoduari buruz galdetu. Janzkera, elikadura, ohiturak, festak eta harremanak izan ditu ardatz, besteak beste.

Orduko eta egungo euskal emakumeen imaginario kolektiboari buruzko hausnarketa egin du. Eta bide horretan, baserria izan du hausnarketa gune, euskal bizimodu tradizionalaren jaiolekutzat hartuta.

Esperimentzeko beldurrik gabe

Ez-ohiko dokumentala da 81 amama; ikus entzunezko sorkuntza esperimentala. Harrespilek paisaiari gizatiar neurria ematen ziotela zioen Oteizak. Gonzalezek ere harrien inguruan eratu du bideoa. Hala, hainbat harri azaltzen dira, dokumentalean lantzen diren gaiak bereizteko. Gaien harira ordenatu du beraz lana, eta ez pertsonaien arabera. Elkarrizketak, ondorioz, ordenik gabe ikus daitezke. Ez du aurrena batek hitza hartzen eta gero beste batek; ahots ezberdinen arteko nahasketa da.

Ahots nahasketa, bideo efektuak eta zaratak uztartuz egin du, gainera. Planoen sobreposizioan oinarrituz, leku batean baino gehiago kokatzen du ikuslea. Bideo sorkuntza bizia da, hari mutur askori tiraka arreta deitzen duena. Beti ere, obraren ildo nagusia ahaztu gabe.

Baserriak identitateekin duten lotura

Puntu amonkomun bat dute filmean azaldutako guztiek: inor ez da baserrian bizi. Bizitza tradizional hori galtzearen kronika da dokumentala, beraz. “Amamak bizitza tradizionala bezala ezagutzen duguna bizi izan duten azkeneko belanauldia dira”, dio Gonzalezek.

Baina, era berean, identitateen plastikotasuna eta eraldakortasuna hartzen ditu kontuan. Baserria galdu izanarengatik, bideoan azaltzen diren emakume gazteek ez dituzte euskal identitateekin lotutako ezaugarriak guztiz galdu. Beste belaunaldi eta baldintza batzuetako euskal emakumeak ere badira.

Gonzalezek ez du baserri bukolikoaren idealizazio lana egin nahi izan, Euskal Herriko hainbat baserritako zenbait emakume identitateetara hurbiltzeko saiakera, baizik. Hori azaldu du Euskadi Irratian egindako elkarrizketan.

Identitateen sorkuntza horretan amonek duten garrantzia azpimarratu du: “Amamak kulturaren trasmisioaren subjektu aktibo dira”. Identitateei buruzko hausnarra interesgarria zaio Gonzalezi. “Bizitzan autodefinitzen goaz. Eta identitateak ezagutzeak estimua hartzen laguntzen digu”, esan du.

81 amama dokumentalaren trailerra: