argia.eus
INPRIMATU
“81 amama” dokumentalak euskal emakumeen imaginarioa bilduko du
  • 81.belaunaldiko amonen eta bere biloben arteko memoria, identitate eta estiloetatik egindako ikus-entzunezko bidaia da “81 amama” proiektua. Hilaren 17an aurkeztuko da Dokan Izaro Gonzalez Ieregi artista gaztearen gidaritzapean egindako dokumentala.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko urriaren 09a
"81 amama" euskal emakumearen inguruan eraikitako iruditegia bilduko duen dokumentalaren aurkezpen gonbidapena

Jorge Oteizak 1963an Quousque tandem...! saiakeran 80. generazioa bezala definitzen zuen orduko gizartea. Abiapuntu horretatik jota, egungo amamak 81. generazioan kokatzen ditu eta horiei begira jarriko da dokumentala, iragan mende hasieran jaio eta nekazal bizitza tradizionala bertan behera utzi zuten amonen eta haien biloben arteko transmisioa aztergai hartzeko.

45 minututan gure iragan, kultur ondare eta euskalduntasun transmisioaren inguruko hausnarketa egitera bultzatu nahi du ikuslea dokumentalak. Modu berean, agerian jarriko da amamen oroitzapenak eta bilobek haien arbasoen bizitzari buruz dakitena.

Transmisioaren leku fisiko eta sinbolikoak diren baserriak izango dira proiektuaren haize orratza eta Kantauri isurialde osoan amama eta biloba ugariren bizipenek gidatuko dute kontakizuna, amama eta biloben arteko memoria indibidual zein kolektiboak erakutsiz.