argia.eus
INPRIMATU
80ko hamarkadako latak Pirinioetan: zabor biltzaile baten bidaia gure mendietan
  • Pirinioak alde batetik bestera ari da gurutzatzen Rafael Sanchís aktibista valentziarra uda honetan, eta bidean topatzen dituen zaborrak berekin eramaten ditu: egunean kilo erdi eta kilo bat hondakin artean, gehiago ezin: “Gutxi dirudien arren, gauza askoren zatitxo asko dira”.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2019ko uztailaren 18a
Guztiz usteldutako platanoaren gainean pegatina berri-berria, Pirinioetan uzten dugun zabor motaren adierazle (arg: Miss Pacha Mama)

“Pirinio garbiak” izena eman dio Rafael Sanchísek bere abentura berriari. “Miss Pachamama” izenez ere ezaguna den ekologista valentziar honek lehenago ere eginak ditu antzeko bidaiak, bizikletan, Espainiako Estatuan barrena zaborrak bilduz herritarren kontzientzia esnarazteko. Horien berri emateko bloga ere badauka.  Oraingoan baina, oinez egin du bidaia. Kataluniako Cap de Creusen abiatu zen ekainaren erdialdean eta Euskal Herrian amaituko du aurki, Higer lurmuturrean, GR-11 ibilbidearen 800 kilometroak osatuz.

Bidean azaltzen zaizkion zabor zatiak jasotzen ditu Sanchísek, dela mendizaleei motxilatik eroritakoak, dela jendeak nahita utzitakoak. Aragoiko zatia pasa berritan Heraldo de Aragon egunkariaren galderei erantzun die: “Mendi hauek izugarriak dira, politak bezain gogorrak, baina garbitasunean ez dute azterketa gainditzen, ez hauek ez Pirinioetako inongo tokik ere”.

Ez da Everesteko kanpamendu-basera joan behar lotsagorritzeko. Ekintzaileak bere ibilian ikusitakotik ondorio bat atera du: “Zoritxarrez plastikoa gure mendietara iritsi da”. Eta sarbidea errazagoa den lekuetan are eta zabor gehiago pilatzen dela ere ikasi du. Horrela gertatzen da, esaterako, turista gehien joaten den Ordesan: Gorizeko aterpera dauden hiru orduko ibilaldian paperezko hogeita hamar mukizapi  eta plastikozko objektu ugari bildu ditu.

2.000 metroko altueran 80ko hamarkadako lata oxidatu mordoa zegoen eta Pirinioetako laku handienean, Ibon de Estanesen, sortzen dugun zaborraren iraunkortasuna adierazten duen beste pieza bat: guztiz usteltako platanoa… azalean pegatina berri-berria zuela. “Horrek erabat hunkitu nau”.