argia.eus
INPRIMATU
8.000 lagunetik gora bildu dira erabakitze eskubidearen alde Oarsoaldean eginiko giza katean
  • Igandean, 8.000 lagunetik gora elkartu ziren, Lezo, Oiartzun eta Errenteriatik igarota, Pasai San Pedro eta Pasai Donibane lotu zituen giza katean. Demoarso talde eragileak antolaturiko ekitaldiak 8,5 kilometro hartu zituen martxoaren 19an Oarsoaldean egingo duten galdeketa animatzeko.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko azaroaren 07a
Giza katearen amaieran, azken lekukoa Errenterian muntaturiko karpan. (Arg.: Demoarso)

Eguerdiko hamabiak pasa abiatu zen ekitaldia. Hautetsontzi eta boto paper bana itsasoz iritsi ziren Pasai San Pedro eta Pasai Donibanera, aurten galdeketak egin dituzten Debagoiena eta Goierriko Gure Esku Dago plataformako kideen eskuetan. Ondoren 120 esku baino gehiagotatik igaro ziren Errenteriako zumardira iristeko.

Ekitaldi nagusia Errenterian kokaturiko karpa batean egin zen. Bertan azken lekukoa bi gaztek eta bi adinekok eman zuten. Gazte horiek lehen aldiz izango dute Euskal Herriaren etorkizunaz erabakitzeko eskubidea. Adinekoek, berriz, Euskal Estatutuaren inguruko erreferenduma ezagutu zuten. Lekukoa eman ostean laurek oholtza gainean hartu zuten hitza. “Guk gutariko bakoitzak, gure eskuekin, denon eskuekin erabaki behar dugu gure etorkizuna”, azaldu zuten karpan eginiko hitzaldian.

Igandean bertan, 83 urte bete ziren erreferendum hori ospatu zela, baita emakumeek sufragio eskubidea lortu zutela ere.

Martxoaren 19an gauzatuko dute galdeketa Oiartzunaldean, baina ez dira helburu hori duten bakarrak. Busturialdea eta Urola Kostako hainbat herrik 2017ko udaberrian galdeketak antolatuko dituztela aurreratu dute.

Ekitaldiaren amaieran Beira taldeak Demoarso plataformarentzat hainbat musikarirekin sorturiko abestia aurkeztu zuen:

Ekaiz Zilarmendi argazkilariak giza katean ateratako hainbat argazkirekin osaturiko galeria da ondorengoa: