argia.eus
INPRIMATU
8.000 hegazti baino gehiago hil dira Nafarroako parke eolikoetan
  • 1998an lehen parkea eraiki zenetik, 8.435 hegazti eta saguzar hil dira haize erroten ondorioz. Batzuk galzorian dauden espezieak dira. Nafarroako Ekologistak Martxan elkarteak legedia aldatu eta erantzukizuna hartzeko eskatu dio gobernuari.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 29a
Argazkia: Gurelur

1998an lehen parke eolikoa eraiki zenetik, Nafarroan 8.435 hegazti eta saguzar hil dira turbinek harrapatuta. Nafarroako Gobernuak Ekologistak Martxan elkarteari luzatu dion txostenaren arabera, 4.000 baino gehiago hegazti harrapariak dira (3.169 sai arre eta 265 miru beltz, besteak beste). Batzuk, gainera, arriskuan dauden espezieak dira: miru gorriak (94 hil dira) eta sai zuriak (10 baja).

GKEaren arabera, errealitatean, zifra horiek askoz altuagoak dira. Izan ere, estatistiketan animalia txikienak ez dira agertzen, sarraskijaleek jan dituztelako, edo aurkitzeko zailak direlako, bereziki gorpuak belar artean eroriz gero.

“Datu hauek erakusten dute parke eolikoak oso arriskutsuak direla ornodun hegalarientzako” —adierazi dute elkartetik — “bereziki hegazti harraparientzako”. Espainiako Estatuan bildutako zifrei gehituta, haize errotek eragiten duten kaltea espezieengan pozoinak sortzen duen triskantzarekin alderatu dute. Ebroko bailara osoan, animalia hauen etorkizuna “iluna” dela salatu dute.

Neurri aldaketak

Horregatik, Nafarroako Gobernuari Ingurumen Erantzukizunaren Legea aldatzeko eskatu diote. Parke eolikoen zein eguzki-parkeen eta linea elektrikoen enpresa titularrei isunak ezartzea planteatu dute, kolpez edo elektrokutatuta hiltzen diren animaliengatik ordain dezaten. Era berean, hilkortasun tasa handiena eragiten duten turbinak “gelditzeko eta desegiteko” eskaera egin dute, “oraindik ez baitago beste modu eraginkorrik” hegaztiak eta, bereziki, harrapariak hiltzea saihesteko.