Lehen hezkuntzako hirugarren mailako ikasleen 800 gurasok LOMCEk ezartzen duen banakako probari desadostasuna adierazi diote. Nafarroako Gobernuari proba hori bertan behera uzteko eskatu diote.
“LOMCEri ez” plataformak 150 pertsona batu ditu Katakrak gunean egindako agerraldi masiboan. “Proba bakar batean ateratzen den emaitzari ematen zaio garrantzi guztia eta ikasketa prozesu osoari eta ebaluaketa jarraituari garrantzia kentzen zaio”, adierazi dute.
“Ikasle guztiei proba berdinak egingo zaizkie testuinguru ekonomiko, sozial eta kulturala kontuan hartu gabe; horrekin aukera berdintasunaren oinarria apurtzen da”, salatu dute.
Nafarroako Gobernuari banakako ebaluazio horiek bertan behera utz ditzan eta prob inguruko eztabaida ireki dezan eskatu diote gurasoek: “Proba hauen inguruko desadostasuna adierazten duten inprimakiak zabaldu eta 3. mailako 800 gurasoren sinadurak jaso ditugu eta apirilaren bukaeran Hezkuntza Departamentuari eskura emango dizkiogu”.
Hezkuntza Departamentuak eskaerei erantzunik eman ezean, pauso gehiago emateko prest daudela adierazi dute: “Gure seme-alabendako hoberena nahi dugu eta horregatik borrokatuko dugula oso argi dugu. Asko dugu esateko eta eskolan hartzen diren erabakietan parte hartzeko gogoak ditugu”.