argia.eus
INPRIMATU
800 euroko oinarrizko errenta unibertsala ezarriko dute Finlandian
  • Eman beharreko pausoak mahai gainean jarri ditu Finlandiako Gizarte Segurantzak, herritar orok herritar izateagatik gutxieneko diru-sarrera jaso ahal izateko. Hilero 800 euro jasoko lituzke finlandiar bakoitzak, inongo baldintzarik gabe.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2015eko azaroaren 09a

Herritar guztiei bizitza duina bermatzeko baliabidea izatea eta gizarteko desoreka ugari arintzea ditu helburu oinarrizko errenta unibertsalak. Pasa den apirileko hauteskundeetan Finlandiako Gobernura iritsi zen koalizioak, agindutakoari zor, bestelako ekonomia eredu bat ezartzeko egitasmoa abiatu du.

Lehenengo fasean, 550 euro kobratuko lituzke finlandiar bakoitzak, eta prestazio sozialen bat jasotzen duenak berdin kobratzen jarraituko luke; bigarren fasean, gainerako prestazioak ezabatu eta herritar bakoitzak 800 euro jasoko lituzke. Behin betiko proiektua, epeak eta inbertsioa 2016ko azaroan aurkeztea da asmoa.

Alde eta kontra

Errenta unibertsalaren kontra erabili ohi den argudio nagusia da berau jasotzeak jendea lanik ez egitera bultzatuko lukeela. Hori ez litzatekeela gertatuko eta enpleguaren kalitatea hobetuko litzatekeela diote errentaren aldekoek, ekintzailetzarako, auto-enplegurako eta berrikuntzarako aukerak ere zabalduko lituzkeela, eta lanari ordu gutxiago eskaintzeak beherantz doan lan eskaintza orekatzen lagunduko lukeela. Gainera, besteak beste pobreziari eta desoreka sozial eta ekonomikoei aurre egiteko balio du errenta unibertsalak, aberastasunaren birbanaketa bidezkoagoa eginez.

Ekonomia suspertzeko eta eredu justuagoa lortzeko errenta unibertsalaren alde daude finlandiarren %80.

Errenta unibertsala bideragarria dela frogatu zuten Gipuzkoan

Gipuzkoan oinarrizko errenta banakakoa, unibertsala eta baldintzarik gabea ezartzea bideragarria dela eta herritarren %75ak baino gehiagok bere bizi maila hobetuko lukeela frogatu zuen Jordi Arcarons Ekonomia katedradunak, 2014an Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Sinposioan.

Katedradunak egindako simulazioan, 2011ko datu ekonomikoak eta demografikoak hartu zituen aintzat: aberastasunaren birbanaketa eginez, oinarrizko errentarekin 18 urtetik gorako biztanleek 658,5 euro jasoko lituzkete hilero eta adin txikikoek 131,7 euro.

Horretarako zerga sistema erreformatu behar dela eta gakoa borondate politikoa dela azpimarratu zuen Arcaronsek. Oinarrizko errenta unibertsala aplikatzen duen herrialde oso gutxi dago munduan, eta horien artean Alaska hartu ohi da eredutzat.

Informazio gehiago:

Oinarrizko errenta unibertsala ezarriko dute Herbehereetako Utrecht hirian