argia.eus
INPRIMATU
80 urteko Ángel Miguel Medrano Irungo bere etxetik kaleratzeko agindua emango dute
  • “Zorra kitatzearen truke etxea eman nion bankuari 2017an eta eskatu nien bakarra izan zen alokairua ordainduz bertan bizitzen jarraitu ahal izatea”, kontatu zigun Ángel Miguel Medranok. Alokairu sozialean duen errenta 315 eurotik 600era igotzea ere eskaini du, baina ez diote proposamena onartu. Astearte honetan Irungo bere etxea uzten ez badu, bertatik kaleratzeko agindua emango du Promontoria Coliseum putre-funtsak.

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 24a
Ángel Miguel Medrano 2021eko agerraldi batean, Stop Kaleratzeak elkarteko kideek lagunduta.

Osorik ordainduta duen etxebizitza semearen negoziorako abal bezala jarri zuen Medranok Sabadell bankuarekin, eta semeak hipoteka-mailegua ordaindu ezin izan zuenean, gurasoen etxearekin geratu nahi izan zuen putre-funtsak, Sabadell bankuaren higiezinen agentzia erosi zuenak. Azkenean, hiru urteko alokairu sozialeko kontratua adostu zuten, eta nahiz eta kontratua 2021eko urtarrilean amaitu, urtebete luzatzea lortu zuten, mobilizazioei esker. Hala azaldu du Stop Kaleratzeak plataformak.

“Bankuko zuzendariak agindu zidan ez zela arazorik egongo”

Une kritiko hartan, Medranorekin hitz egin genuen, eta hala azaldu zigun: “Alokairu kontratuan jarri arren hiru urterako zela, bankuko zuzendariak berak agindu zidan kontratu estandarra zela eta lasai egoteko, alokairua berritzeko arazorik ez zela egongo. Orain esan digute ez dutela kontratua berritzeko asmorik. Bankuko zuzendariari konfiantza eman nion, asmo onez ari zelakoan. Hitzez agindutakoari balioa ematen diot nik eta etsita nago. Berrogei urte baino gehiago daramatzat etxe honetan eta eskatzen dudan bakarra da geratzen zaidan denbora, eta ez da asko izango, etxean igaro ahal izatea; hainbeste eskatzea al da? Ez dugu etekinik ez ordainik nahi, etxean segi baino ez. Inoiz ez nuen pentsatu egoera honetan ikusiko nuenik nire burua”.

“Kosta ahala kosta, kaleratzea eragotziko dugu”

Pasa den uztailean, putre-funtsaren burofax bat jaso zuen Ángel Miguelek, ohartaraziz kontratua amaitu zaiola eta etxea utzi ezean bere aurkako kaleratze demanda abiatuko dutela astearte honetan. Putre-funtsaren jabetzak kudeatzen dituen Solvia higiezinen agentziarekin hiru hilabetez negoziatu dute, alokairuaren errenta bikoiztu (315 eurotik 600 eurora) eta kontratua beste zazpi urtez berritzeko, baina errentatzaileak ez du onartu.

“Jakina, Ángel Miguelek bizitza osoko etxebizitza utziko ez duenez, etxegabetze demanda jasoko duela ohartarazten dugu, eta mobilizazio sozialarekin, kosta ahala kosta, eragotzi egingo dugula”, dio Stop Kaleratzeak plataformak.