Arabako Mendialde eta inguruetako identitate disidenteek osatzen duten Asteriskes kolektiboak Bermu Okerra musika jaialdia antolatu zuen abenduaren 28rako. Araba eta Nafarroa arteko mugan kokatuta dagoen Kontrasta herrian egin zuten, eguerdian. Antolatzaileek azaldu dutenez, "Hurbileko eta urrutiko animalitxo arraroak, periferietako iratxoak eta dantzari amorratuak hurbildu ziren bertara".
Egun osoan zehar 80 pertsona inguru pasa ziren Kontrastako Tabernatik, jana eta edana dastatu, zuzeneko musikaz gozatu eta jendearekin solastera. Balorazio positiboa egin dute eguerdirako dena prest egon zedin goizean goizetik bafleak eta lapikoak martxan zituzten antolatzaileek: "Pintxoak eta babarrun katilua hustu ziren bezalaxe, bertaratuen gosea zein gozamen gogoa asetuta geratu zen".
"Gure mendi eta herrietan espazio ziurrak eta goxoak sortzen" jarraituko dutela iragarri dute Asteriskes kolektiboko kideek.
Musika talde hauek eskaini zuten kontzertua: Nuturk, Las Klitorixxx, Galbaie eta Itzala.