80 gipuzkoarren izenak leudeke Falcianiren zerrendan, Noticias de Gipuzkoak argitaratu duenez. Informazio honen arabera, denek beren egoera erregularizatu zuten 2011n.
Egunotan Falciani zerrendan dauden kideen izenak publiko egiten ari dira mundu osoko hedabideak. Pertsona horiek HSBC bankuaren Suitzako filialeko bezero izan ziren ustez, eta zerga iruzurra egin zuten.
Noticias de Gipuzkoak argitaratu duenez, ikerketa fiskala abiatu zuten 80 kideon kontra, Espainiako Zerga Agentziak pertsona horien zerrenda pasa ostean. Gehienak enpresariak eta ondasun askoko pertsonak ziren eta ordura arte ez zioten Ogasunari kontu horien berririk eman. Esan bezala, denek itzuli zuten zor zuten ezkutuko dirua.
Hervé Falcianik lehenik Frantziako Estatuko autoritateei igorri zien zerrenda, eta haiek, antza denez, herrialdez herrialde zabaldu zuten.