argia.eus
INPRIMATU
AEK-k 80 ekitaldi baino gehiago antolatu ditu iganderako
  • Igande honetan amaituko zen Korrika osasun krisialdirik ez balitz. AEK-k ordea, 80 ekitaldi baino gehiago antolatu ditu "aurten ere euskararen lekukoa, euskaltegien aldeko bultzada, kalean egon dadin".

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko martxoaren 24a

Pandemiagatik ez balitz, igande honetan, martxoaren 28an bukatuko litzateke Korrika. AEK-k ordea, euskararen aldeko lasterketaren ordez, 80 ekitalditik gora antolatu ditu Bultza euskategiak! Bultza euskara! dinamikaren barruan, "aurten ere euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko". 

Euskal Herri osoan zehar egingo dira ekitaldiak eguerdiko 12:00etan. Antolatzaileek zehaztu dutenez, "xumeak" izango dira, ordu erdikoak. AEKren mezua irakurtzeaz gain, bi abesti entzungo dira herri guztietan: Euskal Herrian Euskaraz abesti ezaguna eta Lekukoa mingaina, egun horretarako sortu den bertso-rapa. Gainera, herri bakoitzean bestelako ekintzak ere izango dira: bertsolariak, musikariak...

Horrez gain, Korrika atzeratzeak AEKren aurrekontuetan eragindako zuloari aurre egiteko kanpaina abiatu dute, eta gogorarazi dutenez AEKren webgunearen bidez egin daitezke ekarpenak.