argia.eus
INPRIMATU
8 urteko kartzela eskatu dute Epsilonen kudeatzaile ohiarentzat
  • Fiskalak 8 urteko kartzela zigorra eskatu du Joan Villadelprat Epsilon automobilgintza enpresako gestore izandakoarentzat. Iruzur ekonomikoa egin zuela hiru urte atzera izandako epaiketan erakutsi zen, eta orduan 900.000 euro ordaindu behar izan zituen.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko ekainaren 27a
Joan Villadelprat Epsilon automobilgintza enpresaren kudeatzaile ohia. (Argazkia: eldiario.es)

Villadelpratekin batera haren bazkide eta Epsilon enpresako finantza zuzendari ohi Mark Payne epaituko dute aste honetan Gasteizko Probintzia Auzitegian.

2013an epaitu zituzten Payne eta Villadelprat aurrenekoz Gasteizko Merkataritza arloko Epaitegian, eta 900.000 euroko isuna jaso zuten. Biek kudeatu zuten Epsilon enpresako lehiaketa adarra Epic Racing taldeari saltzea. Paynek sortu zuen azken hau, Epsilonek kaudimenik ez zuela jakin ostean. 200.000 eurotan finkatu zuten salmenta prezioa eta epaiketan zehaztu zen benetako merkatu-balioa milioi bat ingurukoa zela. 200.000 euroak ordaindu ez zirela frogatu zen gainera.

8 urteko kartzela zigorraz gain 914.000 euroko isuna eskatu du Fiskaltzak Villadelprat eta Paynentzat.

Epsilon Euskadi taldea diru publikoaren bidez finantzatu zen, 2002an sortu ondoren. Kiebra jo zuen 2014an. Laguntza publikoen kontzesioan irregulartasunak izan zirela leporatuta EAEko Legebiltzarrean ikerketa batzordea egin zen eta ondorioztatu EAJren gobernualdian Epsilon proiektua “estrategikotzat” jo zela froga industrial eta komertzial “sendorik” gabe.