8 emakumeren testigantzak izan dira “Berdea da More Berria” liburua elikatu dutenak. Ehunka izan zitezkeen, ordea. Baina, zalantza izpirik gabe, ehunka horien hitzak ongi irudikatuak izan dira liburuko protagonistengatik. Argia aldizkaria eta Manu Robles-Arangiz Fundazioa elkarlanean, Onintza Irureta kazetaria gidoilari, Irantzu Varelaren hitzaurre indartsua eta 8 protagonista kementsu. Erresultantea, koktel su-eragilea liburu gisa.
Erronda Kaleko Bira Kultur Gunean aurkeztu zen liburua aurreko asteazkenean, otsailak 20. Tokia lepo, publiko heterogeneoa, baina emakumeak nagusi. Eta emakume horien artean, helduak nabarmenki. Nire amaren isla ikusi nuen emakume horietako bakoitzean. Etxeak eta atariak garbitzen eman ditu urteak eta urteak, aitaren soldataren "osagarri" bat izateko. Baina, kasu honetan, osagarri hori ez zen oporretarako dirutxoa, liburuan ugazaba batek 2002.urteko lan elkarrizketa batean emakume bati esan zion moduan, baizik eta eguneroko gastuei aurre egiteko. Erresidentzietako langileek ere ez dute haien senarraren soldata osatzeko lanik egiten. Izan ere, kasu askotan haien soldata izaten da familiaren sostengu.
Ainhoa Menéndez Llamosas, Maribel Sampedro Martínez, Marina Costa Bonome, Verónica Aguado Otero, Lara Góngora Góngora, Aitziber Tolosa Contreras, Kontxi Rodriguez Palacios eta Marisol Rueda Espinha izan dira Bizkaiko erresidentzien gatazkako bozeramaileak "Berdea da More Berria" liburuan. Adin, ibilbide eta ikuspuntu ezberdinak, baina 378 egun iraun zuen istorio bat komunean. 378 eguneko greba. Jarraian irakurtzen den liburu horietakoa da, zuzena, artifizio barik, testigantzek ematen dituzten indarraz lagunduta. Greba bati aurre egiteko 8 modu ezberdin, baina irakaspen garrantzitsuak uzten dizkigutenak beste borroka batzuetarako, eta baita norberaren bizitza pertsonalerako.
Erresidentzietako sektorearen bilakaera aztertzen da liburuan 80ko hamarkadatik aurrera, langileen prekarizazioa agerian utziz: miseriazko soldatak, lan karga handiak, zerbitzu duin bat eskaintzeko baliabide falta, txiza egiteko denborarik ez izatea,... Sektore feminizatua da erresidentzietakoa, zaintza lanei loturik dauden sektore guztiak bezala. Gogorra da fisikoki eta psikologikoki. Pentsa zer den pertsona nagusi bat mugitzea, garbitzea, entzutea, hiltzen ikustea,... Goizetan lan egin eta arratsaldetan deskantsatzea izaten da langileen errutina, are gehiago adina aurrera doanean. 632,77€-ko soldata zeukaten langileek 2003an, lan egutegirik ez, 1.800 lan ordu urtean. Egoera honi aurre egiteko lan hitzarmen ezberdinak sinatu dira, pixkanaka sektorea mobilizatuz. Ez da prozesu erreza izan. Izan ere, sektore feminizatu honetan betidanik gizonak izan dira patroi eta patroiei ez bazaie gustatzen langileekin galtzea, imajinatu patroi hori gizona denean eta langilea emakumea. Erabateko mespretxu eta gutxiespena sufritu dute azken hauek. Baina, patronaleko gizon batek eskuak barrabiletan zituela "hemendik aterako dituzue zuen hobekuntzak" esaten zuen egun horretan, emakume langileen obarioekin topo egin zuen.
"Berdea da More Berri" liburuan Onintzak elkarrizketatutako 8 protagonistak ELAn afiliatu ziren lehenago edo beranduago, eta ordezkari sindikalak izan ziren haien egoitzetan. Ez da batere erreza ordezkaria izatea, etsaiak sortzen baitituzu nonahi. Hasieran beldurra sentitzen zuten emakumeak boteretuz joan ziren eta erresidentzia ezberdinetako ordezkarien eta langileen arteko sareak ehotzen joan ziren. Erresidentzien sektoreak garaipen motelen baina sendoen ibilbide bat zuen eginda eta 2016an ahalduntzearen goren aldia heldu zen, 378 eguneko greba bilakatuko zena. Gorriak ikusi ostean, greba sozializatzea lortu zuten, egoiliarren familien babesa lortu, kaleak berdez margotu eta ugazabekiko botere harremana orekatu, haien errespetua irabazi arte. Horretarako, tresna garrantzitsua izan zen ELAren Erresistentzi Kutxa, patronalari eta Aldundiari pultsua mantentzeko ezinbestekoa. Horri guztiari esker garaipena lortu zen 2017ko urrian.
Sentimendu ezberdinak azalarazten dira liburua irakurtzen duzun heinean. Amorrua, langileen lan baldintzak azaltzen direnean eta are gehiago bileretan patronalak agertzen duen jarrera nazkagarria ezagutzerakoan. Enpatia, emakume bakoitzak greba hasierako beldurrak gogoratzen dituztenean. Esperantza, sektore feminizatu batean langileak ahalduntzen direnean. Solidaritatea, egoitza ezberdinetako emakumeak batera lan egiten dutenean. Poza, greban sufritu dutenaren ondoren garaipena lortu dutela ikustean. Admirazioa, lortutakoak lortuta, borrokan jarraitzeko prest daudela esaten dutenean.
Irantzu Varelak argi eta garbi esaten du hitzaurrean erresidentzien gatazka langile borroka eta feminista dela. Mugimendu feministak ere bat egin zuen langileekin. Ezin daiteke berdina izan Emakunderi buruz. Emakumeen ahalduntze prozesu eredugarria izan da, indibiduala eta kolektiboa, haiek hartzen baitzituzten erabakiak gatazkan zehar eta aurrez aurre negoziatzen baitzuten patronalarekin. Zaintza eta bizitza erdigunean jarri dute. Eta liburuaren aurkezpenean esan zuten moduan, borrokan jarraitzeko prest daude. 2018Ko martxoak 8a historikoa izan zen. Ea lortzen dugun 2019koa definitiboa izaten.
[2019-02-21] Onintza Irureta kazetariak “Berdea da more berria” liburua aurkeztu du Biran
Albiste hau Uriolak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.