argia.eus
INPRIMATU
EiTBk bortxaketa baten berri ematean 7Katu gaztetxeko irudiak erabili dituela salatu dute
  • Joan den urtarrilaren 14an emakume bat bortxatu zuten Bilboko Solokoetxe auzoan. 7Katu gaztetxeak prentsaurreko baten bidez salatu du EiTBk behin baino gehiagotan gai honen berri ematean, gaztetxearen fatxada erakutsi duela, eta "gaztetxearen irudia zikintzen saiatu" direla.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko otsailaren 14a
7Katu gaztetxeko kideek emandako prentsaurrekoa. (Arg.: 7Katu)

Gaztetxearen esanetan, hori “ez da kasualitatea, EAJren manipulaziorako tresna den EiTB komunikabidea gertakariaz baliatu da gaztetxearen irudia zikintzeko”. Gaztetxeko kideek adierazi dute etengabe jaso dituztela udal gobernuaren erasoak, baina bortxaketa bat haien politiken mesederako erabiltzeak “ezin hobeto deskribatzen du euren izaera”.

Kontrara, azpimarratu dute gaztetxearen presentziak auzoari, eta bereziki puntu beltza den Solokoetxeko eskailerei segurtasuna eman diela. Prentsaurrekoan, bortxaketa arbuiatu dute, eta autodefentsa feminista erabiltzeko prest daudela ohartarazi dute. “Edozein erasoren aurrean erantzuteko prest egongo gara”, amaitu dute gazteek.