argia.eus
INPRIMATU
Kanpo-azterketa 79 ikastetxetako LH 6ko ikasleei eta 90 institututako DBH 4koei egin nahi die administrazioak
  • Eusko Jaurlaritzak dagoeneko hainbat ikastetxetara bidali duen oharra zabaldu du Hezkuntza Plataformen Topaguneak: maiatzaren 15etik 31ra, EAEko 30 ikastetxetan egin nahi dute kanpo-ebaluazioa Lehen Hezkuntzako 6. mailan eta beste 60 institututan DBHko 4. mailan. Nafarroan, 49 ikastetxe eta 30 institututan egin nahi dutela adierazi dio Nafarroako Gobernuak Berriari.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2017ko maiatzaren 04a

Ebaluazio-diagnostikoak izango dira eta beraz, ez dute ondorio akademikorik izango. Jaurlaritzak oharrean azaldu duenez, ISEI-IVEIk diseinaturiko azterketak dira eta balioko dute “bi hizkuntza ofizialetan eta ingelesez hizkuntza-komunikazioa, matematika, zientziak, gizartea, herritartasuna eta ikasten ikasteko konpetentziak” neurtzeko. Halaber, administrazioetatik azpimarratu nahi izan dutenez, azterketa hauek “ez dute ikastetxeen rankinga egiteko balio”.

Madrilgo panorama berrian, LOMCEk agintzen dituen errebalidak bertan behera geratzeko aukerak gero eta eskuragarriagoa dirudi. Oraingoz, esan bezala, kanpo-azterketek ez dute balio akademikorik. Espainiako parlamentuan PPk jada ez du gehiengo absoluturik eta LOMCEren erabateko oposizioaren aurrean, legearen aginduak impassean utzi eta “itun nazionala” iragarri zuen Espainiako presidenteak.

Objekzio orriak, planto egiteko

Hala ere, LOMCEri erantzuten dion neurria dela ulertuta, eta horrelako azterketen ordez bidea ebaluazio jarraia dela sinetsita, aurreko urteetan bezala kanpo-probei planto egitera deitu du Hezkuntza Plataformen Topaguneak. Horretarako, euren webgunean objekzio orriak ditu eskuragarri, nahi duten gurasoek bete ditzaten, zehaztuz ez dutela baimenik ematen seme-alabek proba diagnostikoa egiteko. Ikastetxeetako Artezkaritza, Eskola Kontseilu edota Organo Gorenetarako idazkia ere eskura daiteke webean, eskola-komunitatea “ebaluazio diagnostikoaren kontra” azaltzen dela eta “azterketa hori egin ez dezagun beharrezko urratsak emateko konpromisoa” hartzen dutela adierazi nahi dutenentzat.