Ostegun gauez beste 94 pertsona zeramatzan ontzi baten bila aritu ziren, baina ontziko kide Izaskun Arriaranek adierazi duenez, seguruena “guztiak itota hil dira”.
Aita Mari ontziak Mediterraneo itsasotik 78 pertsona erreskatatu dituela jakinarazi dute sare sozialen bidez. Espainiako Gobernuaren erreskate baimenik eduki ez arren, Italiako eta Maltako gobernuekin eskuratu zuen herrialde horien ur eremuetan aritzeko baimena. Hain zuzen, Malta inguruan burutu dute erreskatea. Open Arms eta Ocean Viking itsasontziak ere erreskate lanetan aritu dira azken bizpahiru egunetan, eta ehunka lagun jaso dituzte galduta zebiltzan ontzietatik.
Egunotan Libiatik ateratako pertsonak dira erreskatatuak. Orain porturatzeko baimenaren zain dago Aita Mari. Adierazi dute oraindik ez dutela ez Italiatik ez Maltatik baimenik jaso.
Erreskatea egin eta berehala, 94 pertsonez betetako beste ontzi bati buruzko abisua jaso zuten, Aita Mariko kide Izaskun Arriaranek Euskadi Irratian adierazi duenez. Ez zuten ontzia aurkitu, eta guztiak itota hil direla da haien ustea.
Urriaren 20an itsasoratu zenean, atunontziak Lesbosera (Grezia) egin zuen bidaia, elikagaiak eta errefuxiatuentzako sostengua eskaintzera.