Tubos Reunidos enpresako zuzendaritzak enplegu erregulazio espedientearen dokumentazioa eman die langileen ordezkariei. Dokumentazioaren nondik norakoak modu sakonean aztertzeko denborarik izan ez badute ere, sindikatuek jakinarazi dute espedienteak 776 langileri eragingo diela.
Espedientetik kanpo geratu dira zuzendaritza, arloko arduradunak, komertzialak, zerbitzu medikua eta zaintzaileak.
12 hilabeteko iraupena izango du espedienteak eta beharginek 99 egunez ez dute lanik egingo, lanaldiaren heren bat, gutxi gorabehera. Hortaz, 208 egunekoa izango da lan jarduera.
Langileen ordezkariak eta zuzendaritza apirilaren 4an elkartuko dira. Momentuz, ez dago akordiorik eta baldintzak alda daitezke. Horrez gain, esan bezala, sindikatuek ondo aztertu behar dute dokumentazioa.
LAB sindikatuak adierazi du ez duela negoziatzeko asmorik
LAB sindikatuak kaleratu du espedientearen inguruko balorazioa. Erakundearen ustez, enpresak bitarteko nahiko dauka aurre egiteko eskaera faltari -azken urtetan etekin ugari lortu du- eta ez luke horren zama langileengan eta gizarte segurantzarengan jarri behar.
Gauzak horrela, LABek nabarmendu du ez duela negoziazioetan parte hartzeko asmorik lanpostu guztiak bermatu ezean.
Sindikatuak gogoratu du langileek 6 urte beharko dituztela langabezia guztiz eskuratzeko, espedienteak irauten duen bitartean erabiliko baitute. Horrekin batera LABek adierazi du ez dela soldata gehigarriaren inguruko eztabaidan inplikatuko baldin eta zuzendaritzak lanpostuak mantentzeko plana aurkezten ez badu.
LABek gaineratu du ez duela ulertzen enpresak aparteko lan orduak egiteko eskaera egitea langileei, baldin eta lanik ez badago. Aldi berean, sindikatuak azaldu du Tubos Reunidos enpresaren arazoak duela 9 urte hasi zirela, 200 milioi euroko zama finantzarioa sortu zenean.
Zor horren aitzakia izan zen Condesa enpresarekin bat egitea, baina operazioa ez zen gauzatu, beraz, LABek uste du hori argitu beharra dagoela.
Albiste hau Aiaraldea.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra