argia.eus
INPRIMATU
77 espetxe urteko eskaera presoen defentsa juridikoa egiten zuten zortzi lagunentzat
  • Uztailean hasiko da beren aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fiskaltzak 7 eta 19 urte arteko espetxe zigorrak eskatzen ditu 13/13 sumarioko inputatuentzat, ETArekin kolaboratzea edo integrazioa leporatuta. 2010ean izan ziren atxilotuak. Epaiketa denboraz kanpo dagoela eta zauriak ixteko garaia dela aldarrikatu dute auzipetuek.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 03a
Auzipetuek eman dute makroepaiketaren berri. Argazkia: Oskar Matxin Edesa / FOKU.

Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain, Julen Zelarain, Iker Sarriegi, Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi dira Auzitegi Nazionalak epaituko dituen euskal herritarrak. Beraiek izan dira makroepaiketaren berri eman dutenak, Bilbon egindako prentsaurrekoan. Epaiketa uztailaren 12an hasiko da eta orotara 77 espetxe urte eskatzen ditu fiskaltzak auzipetuentzat, 7 eta 19 urte arteko eskaera pertsonalekin. Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregirentzat 7 urteko zigorra eskatzen du salbuespen epaitegiak, ETArekin kolaborazioa leporatuta. Naia Zuriarrain eta Julen Zelarainen aurkako eskaera 11 urtekoa da, integrazioa leporatuta. Iker Sarriegiri integrazioa leporatzen dio fiskaltzak, eta 10 urteko zigorra eskatu du berarentzat. Jon Enparantza eta Arantza Zuluetari integrazioa zuzendaritza graduan leporatzen die fiskaltzak. Enparantzak 12 urteko eskaera du. Arantza Zuluetari armak eta lehergailuak gorde izana leporatzen diote ere, eta bere aurkakoa da zigor eskaerarik handiena: 19 urte.

Denboraz kanpo

Epaiketa “denboraz eta tokiz kanpo” dagoela salatu dute auzipetuek, eta zauri berriak irekitzeko ordez, oraindik zabalik daudenak ixteko garaia dela aldarrikatu dute: “Bada garaia presoak etxera itzul daitezen. Bada garaia gatazkaren ondorioak argitzeko, guztiak, eta zauriak ondo ixten saiatzeko. Bada garaia gatazka politikoaren sustraira joateko. Euskal gizarteari, askatasunari, demokraziari aukera berriak irekitzeko etapan gaude, euskal gizarteak behar duen bizikidetza demokratikoaren esparrura irits gaitezen”

2010eko operazioa

Zortzi auzipetuek euskal preso politikoen eskubideen defentsan egiten zuten lan beste bost pertsonarekin batera atxilotuak izan zirenean. 2010ean atxilotu zituzten, Fernando Grande Marlaskak agindutako sarekada batean. "Gure etxeak eta bulegoak hankaz gora jarri, goitik behera miatu eta atxilo inkomunikatu gintuzten; bost egunez galdekatu eta gutako hainbatek tortura larriak jasan genituen" gogoratu dute. Garai hartan ezker abertzalea "konfrontazio armatutik gabeko agertoki politiko berria eraikitzeko oinarriak gorpuzten" ari zela gogoratu dute, "beti ere indarkeria adierazpen guztiak Euskal Herrian desagertzea bilatzen zelarik. Epaiketa 11 urte beranduago egingo da, ETAk borroka armatua behin betiko utzi eta 10 urtera. " Garaiko 'ezpata hotsak' egungo 'toga hotsak'", laburbildu dute egoera.