argia.eus
INPRIMATU
%75etik gorako jarraipena EAEko hezkuntza publikoaren greban, sindikatuen esanetan
  • Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan abenduaren 13rako deitutako greba arrakastatsua izan da sindikatuen esanetan. Orotara, jarraipena %75etik gorakoa izan dela adierazi dute, %95ekoa haur eskolen kasuan.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko abenduaren 12a
(Argazkia: Steilas).

Hezkuntza publiko eta Haurreskolak Partzuergoko sektore guztietako 30.000 langile inguru egon dira grebara deituta. Zehazki, irakasle, heziketa bereziko langile, garbitzaile eta sukaldariak. Sindikatuen esanetan, aurten aurrez izandako deialdietan bezala erantzun zabala lortu du gaurkoak ere.

Arloka, lanuztearekin bat egin dute langileen %95ek haur eskoletan, %85ek sukaldari eta garbitzaileen artean, %80k heziketa berezian eta %75ek irakaslegoan, Steilas sindikatuak bere webgunean dioenez. EAEko Hezkuntza Sailak, berriz, grebaren jarraipena %60 ingurukoa izan dela dio.

Besteak beste langile kopurua eta baliabideak handitzea, behin-behinekotasun portzentajea gutxitzea, gelako ikasle kopurua jaistea eta lan baldintzetan (soldata, baja, ordezkapen…) izandako murrizketak ezabatzea eskatzeko helburua dute aurreko ikasturtean abiatu eta aurtengo abendura arte aurreikusitako grebek.

Halaber, euskarazko murgiltze eredua garatzea eta LOMCE, Heziberri eta, oro har, “hezkuntzaren merkantilizazioa” alde batera uztea eskatzen dute sindikatuek, irakaskuntza “justizia soziala, integrazioa eta gizarte kohesioa bermatzeko tresna izan dadin”.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak orain arte mobilizazioei emandako erantzunik eza kritikatu dute, eta iragarri dute greba gehiago izango dela eskaerak asetzeko Lakuak neurri zehatzik proposatzen ez duen bitartean.