argia.eus
INPRIMATU
751 hilobi aurkitu dituzte Kanadan, ume indigenentzako barnetegi batean
  • Cowessess herriko Marieval barnetegian aurkitu dituzte hobiak. Eskola hauek Elizak eta Kanadako Estatuak kudeatzen zituen 1831tik 1997ra artean, haur indigenak “zibilizatzeko”.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko ekainaren 25a
Marieval barnetegia. Argazkia: St. Boniface Historical Society Archives

Identifikatu gabeko 751 hilobi aurkitu dituzte Kanadan ume indigenak “zibilizatzeko” erabilitako barnetegi batean. Cowessess herriko Marieval eskolan daude ehortz-lekuak, 1899etik 1997ra bitartean irekita egon zen zentroan. Barnetegi hauek Elizak eta Kanadako Estatuak kudeatu zituzten 1831tik 1996ra bitartean, eta ume natiboak, mestizoak eta inuitak hor gelditzera behartzen zituzten Kanadako kolonoen kultura asimilatzeko eta bertan integratzeko asmoz. Tratu txarrak jasaten zituztela salatu dute askok. Duela hilabete, 215 umeren gorpuzkinak aurkitu zituzten Kamloopseko beste eskola batean; horren ondoren hasi dute Cowessessko bilaketa.

Ekainaren 24an, Cadmus Delorme Cowessessko Lehen Nazioko -biztanle indigenen komunitatea- buruak prentsaurreko birtual bat eman du jazoerei buruz informatzeko. Emandako datuen arabera, talde teknikoa 44.000 kilometro karratuko gune bat ikertzen ari da barnetegiaren inguruan, radarrak erabiliz. Momentuz, identifikatu gabeko 751 hilobi aurkitu dituzte, baina azaldu dute ehortz-leku bakoitzean gorpuzkin bat baino gehiago egon daitekeela. Ez daude ziur arrasto guztiak eskolako ume indigenenak izango diren, baina datozen asteetan baieztatuko dutela adierazi dute.

Marievaleko barnetegia 1899etik 1997ra bitartean  egon zen zabalik, eta Saskatchewan probintziaren hego-ekialdeko haurrak eta Manitobako hego-mendebaldeko ume indigenak behartzen zituzten bertara joatera. Eskolan jasotako tratu txartak salatu izan dituzte bertan egondakoek. Barry Kennedy gaztea zenean egon zen Marievan, eta CBC hedabideari azaldu dion bezala, aurkikuntza “icebergaren punta” baino ez da: “Bertan bortxaketa zer den jakin genuen (...) Kolpe bortitzak. Gure familietan normalak ez ziren gauzak deskubritu genituen”.

Erantzukizun eske

Bilaketa lanek jarraitzen duten bitartean, erantzukizunak eskatu dituzte hainbat eragilek. Federation of Sovereign Indigenous Nations (FSIN) taldeko Bobby Cameronek gertatua “gizateriaren aurkako krimena” dela adierazi du ostegunean. Era berean, NBEk Kanadako Gobernuari eta Vatikanoari haiek kudeatutako barnetegietan gertatutakoaren inguruko ikerketa azkar eta osotu bat egiteko eskatu diote. Eliza Katolikoak oraindik ez du barkamenik eskatu, eta horrek haserrea eragin du Kanadako komunitate indigenetan.