argia.eus
INPRIMATU
Auschwitz-Birkenau
75 urteko argazki baten bi aldeak
  • Auschwitz-Birkenau (Polonia), 1945eko urtarrilaren 27a. Armada Gorria kontzentrazio esparrura iritsi zen. Inguruan soldadu alemaniarrik ez zebilela egiaztatu ondoren, usteltzen ari ziren 600 bat gorpu topatu zituzten. Eta arantzadun alanbrearen atzean bizirik zeuden preso batzuk ere ikusi zituzten.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2020ko urtarrilaren 27a
(Argazkia: Alexander Vorontsov)

Alemaniarrak, ibiltzeko gai ziren presoekin batera, alde eginak ziren, gerora Heriotzaren Martxa esango zitzaiona abiatuta. 7.000 preso inguru utzi zituzten esparruan.

Sobietar soldaduekin batera,  Alexander Vorontsov argazkilaria ere esparruan zen egun hartan. Hark kameran jasotakoa barruan grabatuta geratuko zitzaien sobietar soldaduei. Ivan Martynushkin-ek 21 urte zituen bere unitatea Auschwitzera iritsi zenean. Gerrak aurrez bere herrian egindako triskantzen lekuko izanagatik, esparruan topatutakoa ez zuten espero. Badakigu ordurako aliatuek bazekitela esparruetan zer gertatzen zen. “Goi kargu militarrek agian izango zuten esparruaren berri”, esan zuen Martynushkinek gerora, “baina guk ezertxo ere ez genekien. Gogorra zen haiei begiratzea. Aurpegiak ditut gogoan, eta oinaze izugarria adierazten zuten begiak”.

Besteak beste, hesiaz bestaldeko hamahiru haurren aurpegiak, begiak eta oinazea jaso zituen Vorontsoz argazkilariak argazki batean. Argazkiaren erdialdean 10 urteko neskato ilehori bat agertzen da. Marta Weiss judu eslovakiarra da eta ezkerrean Eva ahizpa dauka. Weisstarren itxura “ariarrari” esker, eta dokumentazio faltsua lagun, familia ez zuten 1944ko azarora arte atzeman eta Auschwitzera bidali.

Marta Josef Mengeleren eskutan utzi zuten orduan. Injekzioak sartzen zizkioten: “Batzuek guztiz zorabiatuta uzten ninduten eta beste batzuek, minez iraulkatzen”. Mengelek, besteak beste, judutarren begi ilunak argitzeko esperimentuak egin zituen. Martaren hitzetan, “zorte onekoak berehala hiltzen ziren, baina gainerakoak agonia luzea izaten zuten, itsututa eta minak janda. Eskerrak begi berdeak ditudan”.

Sobietarrak iritsi zirenean, Martak 17 kilo besterik ez zuen pisatzen. Eta Eva ahizparen egoera are larriagoa zen: tuberkulosiak, tifusak eta disenteriak jota zegoen. Eta ziurrenik horrek salbatu zituen biak, Martak ahizparekin geratzea erabaki zuelako, heriotza-tasa askoz handiagoa izan zelako Heriotzaren Martxan abiarazi zituzten 58.000 presoen artean, esparruan geratu zirenen artean baino.

“Urtarrilaren 27a bigarren urtebetetzat daukat. Egun hartan, soldaduak sumatu genituen urrutira, gero eta hurbilago. Haien uniformeetan izar gorriak ikusi nituenean konturatu nintzen amesgaiztoa amaitu zela, aske nintzela”.