argia.eus
INPRIMATU
740 korrikalari inguru batu ditu Lasterbidean lasterketak Oñatin
  • Euskal errepresaliatuen eskubideen aldeko nazio lasterketaren V. edizioa egin da gaur, domeka, Oñatin. Eguraldiak askorik lagundu ez duen arren, jende ugarik hartu du parte, bai patinetako lasterketan, bai distantzia motzeko korrika lasterketan, baita distantzia luzekoan ere.

Goiena @goiena 2017ko ekainaren 05a

Antolatzaileak gustura azaldu dira V. edizioak izan duen erantzunarekin. "Eguraldiak ez digu askorik lagundu. Hala ere, jende asko ari da izena ematen. Patinetako lasterkariak ere irten dira. Zalantza genuen halako euri zaparradekin aterako ote ziren, baina ausartak izan dira eta parte hartu dute. Beraz, orokorrean, pozik gaude", adierazi du Irati Goitia antolakuntzako kideak.

Deialdia nazionala izanik, Euskal Herriko txoko guztietatik hurbildu da jendea eta Oñatikoak ere asko izan dira, Goitiaren esanetan. Ikusmin handia piztu du Lasterbidean ekimenak Oñatin, eta lasterkari kopurua handia izateaz gain, herriko kale bazterrak ere jendez beteta egon dira.

Goitiak nabarmendu du lan handia suposatu diela Lasterbidean antolatzeak, baina herritarren laguntzarekin, ondo moldatu direla adierazi du. "Horrenbeste izen-emate egonda, lan handia egin behar izan dugu, baina nazio mailan badago talde bat urtero hau antolatzen ari dena eta herriak ere asko lagundu digu. Beraz, bi laguntza horiei esker ondo moldatu gara", dio.

V. edizioa

Duela bost urte egin zen lehenengoz Lasterbidean, Oiartzunen, eta aurtengoa Oñatin izan da. "Herrialde guztietara joan gara. Aurten, berez, Iparraldean egitea tokatzen zen, baina bertan korrikalari bakoitzaren ziurtagiri medikua eskatzen ziguten, eta hori guretako oztopo bat izan da. Beraz, berriro itzuli gara Gipuzkoara", azaldu du Nekane Ayensa Lasterbidean Nazio Elkartasuneko kideak.

Lasterbideanen helburu nagusia da, Ayensaren esanetan, "euskal preso eta errepresaliatuei eta euren senideei elkartasuna adieraztea". Horrez gain, beste aldarrikapen bat ere egin nahi da, kirolaren bitartez. "Dispertsioarekin amaitu behar da. Inoiz ez du eduki zentzurik, baina gaur egun oraindik eta gutxiago. Beraz, horrekin amaitu arte hemen jarraituko dugu, kirol eremutik", adierazi du Ayensak.

Bestalde, urte osoko aldarrikapena dela gaineratu du Ayensak, gaurko egunarekin amaitzen dena. "Aldarrikapen hori urte guztian zehar egiten dugu eta egia esan, pozik gaude orain arte jendeak izan duen erantzunarekin eta batez ere, kasu honetan, Oñatiko herriarenarekin. Ikaragarria da eman duen erantzuna eta pozik gaude horrekin", bukatu du.

Albiste hau Eneko Azurmendik argitaratu du Goiena Atarian eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.