argia.eus
INPRIMATU
73 langile kalean geratuko dira Olaztin, Apoyos Metálicos-ek fabrika itxi ostean
  • Apoyos Metálicos enpresak Olaztin (Nafarroa) duen fabrika datorren astean itxiko du, eta 73 langile kalean geratuko dira. ELAk Gamesa bazkidearen adostasunerako nahi eza eta Nafarroako Gobernuaren zehaztapen falta salatu ditu.

Iñaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko irailaren 12a
Uztailean langileek egindako elkarretaratzea. Argazkia: ELA Nafarroa.

73 behargin kaleratuko ditu Apoyos Metálicos enpresak, Sakanako Olazti herrian duen fabrika itxi eta gero. Enpresako zuzendaritzak uztailaren hasieran jakinarazi zion ELA, LAB eta UGTk osatutako Enpresa Batzordeari fabrika ixtearen asmoa. Ordutik langileek mobilizazio epea hasi zuten industriaren desegitea salatzeko: manifestazioak, lanuzteak, elkarretaratzeak...

Enpresaren zuzendaritzaren %66 Daniel Alonso taldearena da, eta beste %33 Gamesarena. Fabrika ixteko nahia jakin ostean, Enpresa Batzordea Gamesarekin eta Nafarroako Gobernuarekin biltzen saiatu da bestelako industria-proiektu bat bultzatzen saiatu eta industriaren beherakada galarazteko.

Negoziaketa prozesu baten ostean, Enpresa Batzordeak kalte-ordain hobeak lortu ditu langileentzat, eta Langile Biltzarrak akordioa onartu du.

Sakanako desindustrializazioa

Azken urteetan Sakanan industriak izugarri egin du behera, kaleratze asko egon dira eta enpresa askok lantegiak deslokalizatu dituzte. ELAk salatu duenez, Apoyos Metálicos-ek Asturiasera eraman nahi du sektore eolikoko lantegia. 2008ko krisiak gogor jo du Sakanan, eta industriaren galera handia ekarri du; egun gauden “hazkunde ekonomikoaren” garaian, baina, fabrikak ixten eta langileak kaleratzen jarraitzen dute.