argia.eus
INPRIMATU
72 urterekin jubilatu? Zergatik Espainiako enpresarien lobbyaren proposamenak ez duen heldulekurik
  • Espainiako Enpresarien Zirkuluak dio pentsioen sistema publikoak "bost urte barru" kiebra ez jotzeko modua dela 68 eta 72 urte artera luzatzea erretiro adina. AEBetan eta beste zenbait tokitan eskuin muturrak darabilen diskurtso bera erabili du lobby honek.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko uztailaren 06a

Espainiako Estatuan enpresarien lobby garrantzitsua den Enpresarien Zirkuluak dekalogo bat kaleratu du ekonomiaren arloan hartu beharreko neurrien hainbat proposamen egiteko, "arautzaile eta agintari berriei". Besteak beste, jubilazio adina 68 eta 72 urte artean atzeratu beharko litzatekeela dio.

Horrez gain beste neurri batzuk ere proposatu ditu: kaleratzeagatik indemnizazioa urteko 20 egunera jaistea, zergak jaistea –batez ere bankuei, energia enpresei eta fortuna handiei ezarritako zerga berezia–, eta beste hainbat kontu.

Manuel Pérez-Sala Zirkulu horretako lehendakariak aurkeztu ditu proposamen horiek, eta defendatu du beste toki batzuetan antzeko neurriekin dabiltzala. "Ez da komeni ikaratzea", adierazi du El Diario Vasco-ren esanetan.

Baina enpresarien lobbyak emandako argudioak beste hainbat tokitan eskuin muturrak emandako berak dira: pentsio sistemaren kiebra. Izan ere, erretiro adina atzeratu ezean "bost urte barru" sistema behera eroriko omen dela diote enpresari horiek.

Euskal Herrian ere pentsiodunen mugimenduak aspaldi ari dira esaten pentsioen sistema mantentzeko nahikoa litzatekeela pentsioak aurrekontuen bidez ordaintzea, osagungintza edo hezkuntza ordaintzen diren moduan

AEBetan diskurtso bera

AEBetako Floridan ere erretiro adina 67 urtetik 70era atzeratzea eskatzen ari dira eta, legegintzaldi erdiko hauteskundeetan adibidez, gai eztabaidatuenetako bat izan zen. Gizarte Segurantzaren "porrota" iragarri dute eskuin muturreko politikariek, horko dirua 2034rako "xahutuko" delakoan.

Baina ezkerreko kazetariek argudio horiek hankaz gora jarri dituzte, besteak beste esanez erretiro adina atzeratu edo pentsiodunei murrizketak egin beharrean, aberatsenei zergak igotzea ere izan daitekeela beste soluzio "polit" bat.

Euskal Herrian ere pentsiodunen mugimenduak aspaldi ari dira esaten pentsioen sistema mantentzeko nahikoa litzatekeela pentsioak aurrekontuen bidez ordaintzea, osagungintza edo hezkuntza ordaintzen diren moduan.

Enpresarien Zirkuluaren proposamenari berehala erantzun die Espainiako Estatuko CCOO sindikatuko idazkari nagusi Unai Sordok: "Baratzetan zuloak egiten edo andamio batera igota jarriko nituzke". Jubilazio adina sektore batzuetan igo ez baizik eta jaitsi egin beharko litzatekeela defendatu du Sordok.

CCOOk eta UGTk pentsioen erreforma adostu zuten Espainiako Gobernuarekin eta 2023ko martxoan onartu zen Espainiako Kongresuan. Sindikatuok diote Gizarte Segurantzari egindako ekarpenak blindatuta geratzen direla, gehinezko kotizazioak igo direlako, besteak beste: "Lehenengo aldiz, pentsioak diru-sarrerak handituta aseguratuko dira, eta ez, soil-soilik, gastuak murriztuta", azaldu zuen Pepe Álvarez UGTko idazkari nagusiak.

Nolanahi ere, euskal sindikatu nagusiak paktu horren kontra azaldu dira, ELA eta LAB esaterako, egiaz "beste murrizketa bat" suposatu duelako eta ez delako nahikoa izango gutxieneko pentsio duinak mantentzeko.