Ostiralean goizeko zortzietan amaitu da Gazako 72 orduko su-etena, eta horrekin batera Israelgo gerra-hegazkinek Gaza berriz bonbardatzeari ekin diote. Bi aldeak ez dira su-etena luzatzeko akordio batera iritsi, baina Maan albiste agentzia palestinarrak jakin duenez, Israelgo eta Palestinako ordezkariek Kairon negoziatzen jarraitzen dute.
Ostegun gauean Hamaseko Ezzedin al-Qassam Brigadaren ordezkariek adierazi zuten su-etena ez zutela luzatuko, Israelek beren eskaerei erantzunik ez emateagatik.
“Israelek gure eskaerak onartzen ez baditu, Palestinako ordezkaritzari negoziazioak bertan behera uzteko eskatzen diogu”, adierazi dute Al-Jazeera telebista katean. Gazako portuaren irekitzea da eskaera nagusia.
Israelgo armadak aditzera eman duenez, bi suzirik herrialdearen hegoaldean jo dute su-etena bukatu baino ordu batzuk lehenago. Jaurtigaiak Gazatik bota direla diote, baina Hamasek ukatu du.
Palestinako eta Israelgo ordezkariak Kairon negoziatzen ari dira behin-betiko su-etena lortzeko helburuarekin. Palestinarrek Gazako Zerrendaren blokeoarekin bukatzea eta atxilotuak askatzea eskatu dute, baina Israelek eskaera horiei uko egin die.
“Israelentzat garrantzitsuena desmilitarizazioa da. Hamas berrarmatzea saihestu behar dugu, Gazako Zerrenda desmilitarizatu behar dugu”, adierazi du Mark Regevek, Benjamin Netanyahu Israelgo Lehen Ministroaren bozeramaileak.