Bi herrialdeek aste honetan sinaturiko akordio berriak %40 handituko du Frantziako kostaldeak kontrolatzen dituzten mugako patruilen kopurua, Erresuma Batura heldu nahi duten migratzaile eta asilo eskatzaileen iritsierak murrizteko helburuarekin.
Londreseko gobernu berriaren lehentasun nagusienetako bat zen, eta jada hartu dituzte neurriak hari aurre egiteko. Erresuma Batuak eta Frantziak bi herrialdeen arteko lankidetza akordioa eguneratu berri dute Mantxako kanala era irregularrean gurutzatzen duten pertsonen fluxuaren gorakada eteten saiatzeko. Hala, datorren urtean Frantziak 72,2 milioi euro josoko ditu besteak beste kostaldeak kontrolatzen dituen mugako patruilen kopurua %40 handitu eta agente britaniarrei kanaleko bere eremuetan behatze lanak egiten uzteagatik.
Akordio hau bi herrialdeek hiru urtetan sinatu duten laugarrena da, eta azken hilabeteetan Mantxako kanaletik Erresuma Batura iritsi diren migratzaile kopuruaren gorakadari erantzuten dio. Izan ere, urte hasieratik hona 40.000 pertsona baino gehiagok gurutzatu dute muga bide horretatik, 28.526 izan ziren iaz, 2020an 8.404 eta 2019an 2.000 baina gutxiago.
Gerald Darmanin Frantziako barne ministroak eta Suella Braverman Erresuma Batuko bere homologoak astelehenean sinatu zuten akordioa, Parisen, eta azken honek adierazi du neurri honen helburua legez kanpoko migrazioa saihestea eta pertsonen trafikoari aurre egitea dela: “Ahal dugun guztia egin behar dugu jendeak bidaia arriskutsu horiek egiteari utz dezan eta pertsonen trafikatzaileak akabatzeko”.
Itsasoa gurutzatuz bizitza arriskatzen duten pertsona eta asilo eskatzaile horientzako bide seguruak eskaini beharrean, ordea, muga gaineko polizia kontrola areagotzea erabaki dute bi gobernuek, migratzaileen eskubideen defentsan lan egiten duten GKE-n eta aktibisten proposamenen aurka.
Asilo eskatzaileentzako bide seguruak aldarrikatzen dituen Safe Passage erakundetik diotenez, kontrabandistek kanalean duten kontrola ezin da hautsi errefuxiatuei alternatibak eskaini gabe: “[Gobernuek] elkarrekin lan egin beharko lukete, prozesu bateratu baten bidez, pertsonei Erresuma Batuan asiloa modu seguruan eskatzen laguntzeko eta Frantzian ere beste hainbeste egiteko”.
Jasotako inbertsioarekin, Dunkerque eta Calais inguruko kostaldea patruilatzen duten jendarmeak 250 bat izatetik 350 izatera pasako dira. Halaber, kanalaren ikuskaritzarako ekipamendu teknologikoa hobetuko dute drone, kamera eta helikoptero berriekin, eta pertsonen detekziorako txakurren ekipoak areagotuko dituzte ere. Dena den, akordioaren punturik esanguratsuena agente britaniarrek miatze lan horietan parte hartzea baimenduko duena da; izan ere, hauek lehen aldiz izango dute aukera, mugaren beste aldean, Frantziaren kontrol geletan eta kanaleko patruiletan behatze lanak egiteko.